Bilboko Udaleko Kultura Sailak, Bilbaina Jazz Clubarekin elkarlanean, sustatzen duen ekimen hau erabat sendotuta dago hiribilduko kultur agendan, hiriko hainbat barrutitan eskaintzen diren doako kontzertuen eskaintza deszentralizatuaren bitartez.
Ohikoa denez, Bilbao Distrito Jazz, otsaileko eta martxoko bata bestearen osteko lau ostiraletan ospatuko da, arratsaldeko 19:30etik aurrera, hainbat estilotako lau bandarekin, eta Euskal Autonomi Erkidegoan egiten den jazzaren ordezkaritzarekin. Izan ere, aurreko urteetan bezala, programak nazioarteko musikarien presentzia eta bertako talde baten partaidetza uztartuko ditu. Oraingo honetan, Amsterdamen bizi den Unai Olabarri artista bilbotarra buru duen Half Quartet Plus Two taldea izango da ostiral honetan, otsailaren 17an, Begoñako Udaltegian programazioa irekiko duena.
Hard bop, cool eta free eraginak dituen laukote horretako kideak Musikenen (Euskadiko Musika Goi Kontserbatorioan) ezagutu ziren, eta ordutik, ikasteko eta esperientzia hartzeko baliagarriak izan zaizkien hainbat taldetan aritu dira. Bi saxofoi altu, baxu elektrikoa eta bateria dituen talde atipikoak soinu modernoa eta ez oso ohikoa ematen dio taldeari.
Otsailaren 24an, Sarrikoko Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioak Jacob Sacks Trioren emanaldia jasoko du. New Yorkeko jazz eszenako piano jole sortzaileenetakoa da. Bere ahots berezia talde askotan entzun da, estilo eta lengoaia guztietako izar handien ondoan. Azken 15 urteetan Jacob hainbat taldetako kide izan da, diskoak grabatu eta zenbait bira egin ditu Estatu Batuetatik, Europatik eta Kanadatik. Clark Terryrekin, Joe Manerirekin, Terumasa Hinorekin edo Charles Gaylerekin aritu da, besteak beste.
Martxoko lehen ostiralean, martxoaren 3an, Otxarkoagako Udaltegiak Miguel Fernandez Quartet talde euskal-katalanaren emanaldia jasoko du. Miguel Fernandezek, estatuko eszena garaikideko saxofoi jole garrantzitsuenetakoak, bere azken diskoa aurkeztuko du jendearen aurrean: Jason Palmerren, Marco Mezquidaren, Masa Kamaguchiren eta David Xirguren partaidetza duen 'Ocean Blood'. 'Transplanet Species' bere aurreko lanak 2010eko Jazz Diskorik Hoberenaren saria lortu zuen, eta sariak lortu zituen BBK Jazz eta Jaç/Grupo Enderrock jaialdietan.
Bilbao Distrito Jazz ekimenaren hemezortzigarren edizio hau Martin Leiton baxu eta kontrabaxu jole, konposatzaile eta moldatzaile kanariarra buru duen bandak itxiko du, martxoaren 10ean, Errekaldeko Udaltegian. Martin Leiton, bere ibilbidea jazzean egin duen musikaria da, baina baita folklore latinoamerikarrean, musika afroamerikarrean edo flamenkoan ere. Hainbat musika tresna jotzen ditu, kontrabaxua, baxu elektrikoa, gitarra eta pianoa, konposatzaile eta moldatzaile gisa aritzeaz gain. Bi disko argitaratu ditu.
Aurreko edizioetan bezala, kontzertu guztiak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira. Sarrera librea eta doakoa izango da leku guztiak bete arte, eta ez zaio inori aretora sartzen utziko aretoa bete eta gero.
Bilbao Distrito Jazz Bilboko Udaleko Kultura Sailaren ekimena da, eta hainbat helburu ditu, besteak beste, ikus-entzule askorik ez duen musika genero hori hiriko auzoetara zabaltzea, ikus-entzule berriak sortuz; 1991tik astero zuzeneko emanaldiak antolatzen dituen Bilbaína Jazz Club elkartearen lana laguntzea; edo auzoetan eskaintzen den kultur programazioaren kalitatea hobetzea.
Beste alde batetik, Kultura Sailaren esku dagoen Bilboko Udal Liburutegien Sareak, jazz-liburu eta grabazioen bilduma zabala ere badaukala azpimarratu gura du, maileguan uzteko, musika genero hori sustatzeko xedez. Katalogoa webgune honetan dago eskuragai: www.bilbao.eus/bibliotecas. Gainera, erosketak egiteko edo bilduma eguneratuta edukitzeko iradokizunak ere egiten ditu.