Garellanoko behin-behineko geltokia prest dago otsailaren 25etik aurrera zerbitzua emateko

uriola.eus 2017ko ots. 15a, 14:05

Termibus berritzeko lanak burutu bitartean (urte eta erdiz luzatuko dira), prest dago metro gutxira, Garellanoko dorreen ondoan, behin-behineko geltokia. Azken prestaketak eta frogak egiten ari dira egunotan otsailaren 25etik aurrera zerbitzua emateko, "nahiz eta jakin endredoak sortu sortuko direla", Bilboko Udaleko ordezkariek adierazi dutenez.

Otsailaren 25ean martxan jarriko duten Garellanoko behin-behineko geltokian frogak egiten ari dira. Autobusen leku aldaketak, Termibusetik Garellanora, zerbitzuari ahalik eta gutxien eragin diezaion. Besteak beste, bihurguneen erradioa, zintarrien altuera edota nasen sarrera-irteeretan egon daitezkeen trabak aztertzen jardun dute.

Izan ere, 12-18 metro bitarteko luzera duten autobusen maniobretan "gerta daitekeen edozein trabak ondorio ezkorrak izan ditzake", Vicente Reyes Garraio diputatuaren esanetan. Trabak aurreikusi eta ekiditeko ari dira frogak egiten. 

Bidaia gutxien dituen asteko egunean egingo da aldaketa: otsailaren 24tik 25era bitarteko goizaldean, barikutik zapatura bitartekoan, alegia. "Behin-behinekotasuna ez da oztopo izango, gaur egun Termibusen eskaintzen diren zerbitzu berberak emango dituelako", Aburto Bilboko alkatearen esanetan.

Behin-behineko geltokiak 4.000 metro karratu izango ditu, eta bertan "irisgarritasuna eta intermodalitatea bermatuta egongo dira". Guztira, 20 nasa izango ditu, arrainen hezurduraren erara antolatuta, eta autobusak aparkatzeko sistema berria, heldu ahala. Langa elektronikoaren eta matrikulak irakurtzeko gailuaren bidez, geltokirako bidea emango zaie autobusei. Horretarako, Udalak Gurtubay kaleko errei bat gordeko du, nasa esleitzen zaien bitartean autobusak zain egon daitezen. Oraingoz, Perez Galdos kaleak errei biak izango ditu zabalik.

Behin-behineko geltokian taxientzako lekua ere egongo da: 12 leku finko eta beste 3 leku bidaiariak jasotzeko, aparkatuta geratzeko aukerarik gabe.

Gaur egun Termibusen ematen diren errepideko garraiorako zerbitzu guztiak emango dira behin-behineko geltokian, baita zerbitzu osagarriak ere: kafetegia, kontsigna, leihatilak, informazioa, itxaron-gela… Zerbitzu horiek nasen ondoko eraikineko beheko eta lehenengo solairuetan banatuko dira. Beheko solairuan kafetegia, kioskoa eta komunak egongo dira; lehenengo solairuan, ordea, leihatilak, kontsigna, itxaron-gela eta gestioaren arloko bulegoak.

Lehenengo solairuko zerbitzuetarako sarbideak eraikinaren atzeko aldean egongo dira; arrapala bi jarriko dira. Nasen ondoan autobusetara igotzeko eta jaisteko espazioa egongo da. Estalitako behin-behineko gunean 3 kutxazain, txartelak eskuratzeko 9 makina eta eskuko telefonoak kargatzeko puntuak egongo dira.

Behin-behineko geltokiko nasa nagusian wi-fi konexioa, gailu mugikorrak eta elektronikoak kargatzeko puntuak eta gau eta eguneko segurtasuna egongo dira. Horrez gain, Bilboko Udaltzaingoak zaintza-lanak areagotuko ditu inguruetan.

 

Aldaketak zirkulazioan

Termibuseko behin-behineko geltokia zabaltzeak -otsailaren 24tik 25erako gauean- aldaketak ekarriko ditu inguru horretako zirkulazioan. Hartara, Gurtubay kaleko erdiko erreia, Basurtuko Kaputxinoen eta Perez Galdos kaleen artekoa, okupatu egingo da; behin-behineko geltokira doazen autobusentzat –ez beste inorentzat- izango da errei hori.

Perez Galdos kalean (Garellano plazatik gertuen daudenak), Gurtubay eta Luis Briñas kaleen artean, zirkulaziorako errei bi zabalduko dira, behin-behineko geltokikoek, Garellano plazako garajeetakoek eta etxebizitza-eraikina egiteko obretakoek erabiltzeko.

Era berean, hilaren 25ean hasita, Sabino Arana etorbidean, Zunzunegi etorbidearen eta Egia Jeneralaren kalearen artean, ibilgailuen zirkulaziorako noranzko bi jarriko dira.

Azkenik, Termibuseko geltokia ixten denean, Bilbobuseko 38. linearen hasiera Perez Galdos kalera -Luis Briñas kalearen ondora- lekualdatuko da eta taxien geralekua Luis Briñas kaleko 33ra.

 

Bizkaibus

Garellanoko behin behineko geltokian ez dago nahikoa leku Termibusen zerbitzua ematen duten Bizkaibuseko 15 linearentzat. 12 linearentzat solik. Hortaz, hiru lineetako autobusek Garellano beharrean, Basurtuko Kaputxinoen bideko geltokia erabiliko dute; EHUra doazen autobusen geltokiaren aurrez aurre. Bilbo-Galdakaoko Ospitala-Gernika-Lumo-Ea (A3513); Bilbo-Galdakaoko Ospitala-Gernika-Lumo-Aulesti-Lekeitio (A3523); eta Bilbo-Galdakao (A3930). 

 

Termibus berria: Garellanoko geltoki intermodala

"Errepideko garraioaren Bilboko eta Bizkaiko geltoki intermodala" izango da geltoki berria, bertan elkartuko baitira tranbia, hurbileko trenak, bizkaibusak, bilbobusak, metroa, taxiak eta autobusak. Horrez gain, Abandoko geltokiaren osagarri izango da, geltoki hori trenbideetako garraioko geltoki intermodala izango baita.

Termibuseko oraingo geltokia martxoan hasiko dira kentzen eta lurpeko geltoki berria egiteko lanak maiatzean. Sestrapeko lanak eta lur gainean geratuko den 7.500 metro karratuko plaza egiteko epea 18 hilabetekoa izango da.

Lurpeko geltoki intermodala funtsezkoa izango da auzoaren eta hiriaren garapenean eta etorkizunean. Ez da autobusen joan-etorririk egongo ez lur gainetik ez Luis Briñas kaletik eta, hala, bertako trafikoa baino ez da egongo. Sarbidea Gurtubay kaletik izango du eta ingurunean izango dituen eraginak gutxituko ditu. Gainera, 7.500 metro karratu libre geratuko dira, bertan plaza bat egiteko. Espazio horri, Basurtuko Auzoaren Bihotzean, Sabino Aranatik Errekalderaino egindako jardueraren bidez sortu den aukerako 100.000 metro koadroko eremua gehitu behar zaio, baita Feveren trenbidea lurperatu ondoren geratuko den eremuaren urbanizazioa ere.