Araudi proiektu berrian orain arte indarrean egon den Barrutien Antolaketa eta Herritarren Partaidetzarako Araudiko I. Tituluari dagozkion aldaketak baizik ez dira jaso; hau da, barrutiak, eta haien antolaketa eta funtzionamendua lantzen dituzten gaiak. Hortaz, indarreko gainerako tituluak landu gabe geratu dira, hurrengo antolamenduak herritarren partaidetzaren arloan indarrean dauden legeetara egokitzen dituen arte.
1989an onartu zuten Kontseiluen Araudia. 25 urte baino gehiago igaro dira eta urte hauetako esperientzia aintzat hartuta, hasierako araudian ezarri ziren eduki batzuk ezinbestean moldatu behar dira, denboraren poderioz ikusi denez, kontseiluen funtzionamendu egokirako eraginkorra ez dena nahitaez egokitu behar baita.
Udalak Bilbo parte-hartzaile eta irekia sustatu nahi du, udal jardueran protagonista eta erantzunkide diren auzotarrak dituena, eta sistema orekatu eta eraginkor batez hornitua, orain arte garatu diren eta baliagarriak izan diren tresnak indartu eta hobetuko dituena.
Parte hartze bidezko prozesu irekia
600 agente baino gehiago aritu dira prozesuan horretarako egindako foroetan. Hauek izan dira agenteak:
1. Barrutietako kontseiluetako kideak. Ia 200 pertsonak inkesta bat bete eta eztabaidatzeko tailerretan parte hartu dute.
2. Pertsona aktiboak barrutietan. 8 barrutietan hautatutako 13 pertsona.
3. Udalaren sailak. Udalaren sailen arduradun diren 14 pertsona.
4Herritarrak orokorrean. Telefono bidezko inkesta bat egin zitzaien 384 pertsonari. Horiek adinaren, barrutiaren eta sexuaren arabera aukeratu zituzten.
Gotzone Zaldunbide Herritarrentzako Arreta, Partaidetza eta Barrutien Saileko zinegotziak elkarrizketa pertsonalak izan zituen udaleko talde politiko guztiekin haien balorazioa eta ikuspuntua ezagutzeko.
Onartu berri duten Araudi proiektuak eztabaidatzeko eta iritziak trukatzeko aipatutako foro eta gune guztietan adostutako gaiak jaso ditu.
Zortzi barruti eta zortzi barruti kontseilu
Barrutien jarduerak gobernu-batasun, eraginkortasun, koordinazio eta lankidetza printzipioak bete behar ditu. Hori dela-eta, Araudi proiektuak Bilbo zortzi barrutitan banatuta dagoela jasotzen du eta, beraz, Bilbon zortzi barruti-kontseilu egongo dira.
Barrutiko Kontseilua politika eta auzoko ordezkaritzarako kide anitzeko organoa da, barrutiak udal-jarduera kontsultatzeko, horretaz informatzeko, proposatzeko eta parte hartzekoa.
Araudi proiektuak Bilbo Hiriko zortzi barrutietako jarduna antolatu nahi du. Orain dauden egitura batzuei eutsi egin die, dagoeneko zaharkituta dauden funtzionamendu-alderdi batzuk berritu ditu, eztabaidatzeko eta herritarrek parte hartzeko gune berriak sortu ditu eta, ahal den neurrian, udalaren aurrekontuan diru-kopuru jakin bat eta horrela dotazio ekonomikoa edukitzeko aukera edukitzea jaso du.
Kontseiluko burua, barrutiko kontseilua eta batzordeak
Barrutiko Kontseiluak burua izango du barrutiko kudeaketa-organo nagusi. Kontseiluko buruak, Barrutiko Kontseiluarekin eta batzordeekin (teknikoa eta soziokulturala) batera lan egingo du herritarrek, haien elkarteek eta udal-agintariek batera hausnar dezaten, barrutietako eta auzoetako eguneroko bizitzan eragina duten kontuei buruz, eta bide ematea herritarrek udal-kudeaketan arduraz parte har dezaten.
Barrutiko Kontseiluak kide hauek izango ditu, ordezkaritza politiko eta sozialaren arabera:
• 13 kontseilari, udal-ordezkaritza duten alderdi politikoek proposatuta, barrutian duten ordezkaritzarekin proportzioan, azken udal hauteskundeetako emaitzen arabera. Gutxienez, korporazioko bi kide izango dira, Kontseiluko buru eta buruorde izateko hala behar baita.
• 5 kontseilukide, hitzarekin baina botorik gabe, Araudian horretarako jasota dagoen hauteskundeen arabera, bakoitza elkarteen talde hauek proposatuta:
I. taldea: familia eta auzo-elkarteak.
II. taldea: laguntzarako eta gizarteratze-arloko elkarteak.
III. taldea: Kultura-, olgeta- eta kirol-arloko elkarteak.
IV. taldea: Merkatarien elkarteak.
IV. taldea: Herritarren partaidetzako elkarteen Udal Erregistroan izena emanda dauden bestelako elkarteak.
Kontseilu bakoitzak batzordeak eratuko ditu. Batzordeak deliberazio-izaerako foro osagarri eta iraunkor gisa egituratuko dira, eta herritarrek udal kontuetan duten partaidetza bideratzea dute xede. Batzordeetan, kontseiluan bezala, ordezkaritza politikoa (gehienez 8 pertsona, udal ordezkaritza duten alderdi politikoek proposatuta) eta soziala (gehienez 18 pertsona, elkarteek proposatuta) egongo da.
Batzordeek azterketak, txostenak, kontsultak, eztabaidak eta proposamenak egingo dituzte beren eskumeneko sektoreko gaiez. Barrutiko Kontseiluari aurkeztutako gaiak batzordea eratzen duten pertsona guztien jarrera jaso beharko dute.
Agintaldi bakoitzaren hasieran, Kontseiluko buruak horrela proposatuta, Barrutiko Kontseiluak behar diren batzordeak eratzea erabakiko du. Horiei aztergaiak emango zaizkie, gaiaren arabera, ahal dela izaera tekniko eta soziokulturaleko gaiak.
Araudi proiektuak nobedade hauek ditu:
Jokabidea eta botoa eskuordetzea
Udalbatzarrean bezala, bizitza pertsonala, familiarra eta profesionala errazago bateratzeko, kontseilariek eskubidea izango dute haien kontseiluko organoen bileretara ez joateko, eta botoa beste kontseilari baten esku uzteko.
Beste alde batetik, gizalegez jardun beharra eta elkarri errespetua izatea kontuan hartuta, araudiak kapitulu bat du gai hori lantzeko eta barrutietako kontseilariek eta batzordeetako kideek arlo honetan dituzten betebeharrak jaso ditu.
Auzoen txanda eta modu indibidualean parte hartzea
Araudi proiektuak edozein auzotarrek barrutiko kontseiluaren bileretara eta batzordeen bileretara joateko eta horietan parte hartzeko aukera jasotzen du, bilera horiek guztiak jendaurrean egitekoak baitira.
Era berean, auzotarrek euren barrutiko kontseiluari interesgarri iritzitako ekimenak aurkezteko eta zuzenean kontseiluaren aurrean azaltzeko aukera jasotzen du.
Aurrekontuko diru izendapena
Aurrekontuetan barrutiei lotutako baliabideen gutxieneko portzentajea ezartzen da. Bilboko Udalaren aurrekontuan inbertsioetarako esleitutako diru-kopuruaren % 10 izango da.
Era berean, urteko udal aurrekontuaren bidez, eta erabilgarri den diruaren arabera, barrutiko kontseilu bakoitzari kopuru bat eman ahal izango zaio zenbait eginkizun egiteko: barruti bakoitzeko lurralde-esparruaren barruan herritarren partaidetzari lotutako izaera sozio-komunitarioko azterlanak, materialak edota jarduerak egitea eta antolatzea, Kontseilua, haren izaera eta jarduerak ezagutarazteko, eta auzotarren interrelazioa eta inplikazioa lortzeko.
Herritarrek parte hartzeko eta eztabaidatzeko foro berriak
Barrutiko kontseiluaz eta haren batzordeez gain, herritarrek eztabaidatzeko, informazioa emateko zein jasotzeko eta parte hartzeko beste foro batzuk ere egon daitezke. Foro horiek ez dira iraunkorrak izango eta informazio foroak eta lurralde foroak dira horiek.
Udalaren gobernu-organoek edo barrutiko kontseiluak horrela eskatuta egin ahal izango dira informazio bilerak, udalaren kudeaketaren eta jardueren berri eman eta kontuak emateko.
Era berean, lurralde foroa eztabaidarako eta parte hartzeko foroa da. Barrutiko Kontseiluak berezko dituen udal-izaerako gai puntualak jorratzen dira bertan; auzoari edo barrutia baino txikiagoa den lurralde-eremu bati dagozkion gai bereziak bakarrik. Barrutiko kontseilua osatzen duten pertsona guztien gehiengoaz onetsi beharko da lurralde foroa eratzea.
Parekotasuna eta euskararen erabilera
Genero-ikusmoldea eta euskararen erabilera sustatzeko eta normalizatzeko zenbait alderdi berri beren-beregi jaso ditu Araudi proiektuak.
Barrutiko Kontseiluaren organo eta foro guztietan gizonen eta emakumeen parte-hartzea paritarioa izan beharra, aztertzen diren gaietan genero-ikuspegia sartu beharra eta hizkuntzaren erabilera ez sexista jasotzen ditu Araudi proiektuak.
Kontseiluaren jardunean euskararen erabilera eta normalizazioa bultzatzeko behar diren neurriak hartu beharra jasotzen du eta, batez ere, euskara publizitate aktiboan sustatu beharra.
Udalbatzarraren onarpena eta jendaurrean jartzeko epea
Udalbatzarren Araudi Organikoa betez, Gobernu Batzordeak onartu ondoren, epe bat irekiko da udaleko talde politikoek zuzenketak aurkeztu ahal izateko. Horren ostean, Araudia Bilboko Udalbatzarrari aurkeztuko zaio hasieran onartzeko, hala badagokio.
Horren guztiaren ostean, jendaurreko informazio-aldia hasiko da eta beharrezko bitartekoen bidez zabaldu egingo da, berriz ere, herritarren partaidetza sustatzeko. Jendaurreko informazio-aldi horretan herritarrek, orokorrean, alegazioak eta iradokizunak aurkeztu ahalko dituzte horiek Bilbo Hiriko Barrutietako Antolakuntza eta Funtzionamendu Araudian jaso ahal izateko.