Udal Musika Bandak Philip Sparke zuzendariaren batutapean jardungo du

uriola.eus 2017ko ots. 16a, 08:10

Igandean, otsailak 19, 12:00etan, Bilboko Udal Musika Banda, Euskalduna Jauregiko Auditoriora bueltatuko da denboraldi honetako bidaiarik berezienetako bat eskeintzera. Zuzendari gonbidatuak berak, Philip Sparkek, sortu du musika. Londreseko konpositore, tronpeta eta piano jolea dena, bandarako jatorrizko musikaren historian izan den izenik garrantzitsuenetako bat da.

'Bidaia bat Philip Sparkerekin' izeneko emanaldia bitan banatuta egongo da. Lehenengo zatian, ikus-entzuleek Andaluziara, Koloradoko Arroila Handiara, Japoniara eta Estatu Batuetara bidaiatu ahal izango dute Spirit of Andalusia, Sunrise at Angel’s Gate, Reflections on an old japanese folk song eta Three Washington statues obrekin. Bigarren zatian, Moving heaven and earth eta Sparken 2.Sinfonia, A Savannah symphony izenekoa, landuko dituzte.

'Bidaia Philip Sparkerekin' kontzerturako sarrerak zenbakituak izango dira eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabank-en zerbitzu anitzeko kutxazainetan erosi ahal izango dira. Prezio herrikoia izango da, 2 eurokoa.

Bandak kontzertu zikloa martxoaren 12an jarraituko du 'Bidaia 70. kutxara La Década Prodigiosa eta Serafín Zubirirekin' ikuskizunarekin. Okasio honetan, 45 musikariek Serafín Zubiri eta La Decada Prodigiosa taldearekin partekatuko dute eszenatokia. Iñaki Urkizu bandaren zuzendariordeak zuzenduko duen kontzertuan, 70. hamarraldiko mito handienen abestiak interpretatuko dira, nabarmentzekoak dira: Nino Bravo, Roberto Carlos, Camilo Sesto, Mocedades, Pablo Abraira, Miguel Gallardo, Juan Manuel Serrat, Julio Iglesias eta Jose Feliciano.

Programaren oharrak

Hau da, zalantza barik, Udal Bandan denboraldi honetan hasiko dituen bidaia berezietako bat. Bidaia horretan, zuzendari gonbidatuak berak sortu du musika: Philip Sparke maisu ingelesa, bandarako jatorrizko musikaren historian izan den izenik garrantzitsuenetako bat.

Bere trebetasuna eta moldatzeko erraztasuna miretsiko dituzte entzuleek Spirit of Andalusia bezalako lanekin. Glasgow Wind Band-en enkargua izan zen eta haren doinu erritmikoek eta melodia bihurriek flamenkoaren nolabaiteko zaporea ekarriko die, giroan eta indarrean.

Egunsenti baten oroipen soinudun batekin jarraituko du emanaldiak Aingeruaren atetik, Koloradoko Arroila Handiko haitzen egitura bat. Sunrise at Angel’s Gate lanak egileak leku berezi horretan izandako esperientzia gogoratzen du, non egunsentiko koloreek giro bitxia ematen baitiote inguru osoari. Partitura hori US Army Band–ek eta haren zuzendariak, Finley Hamilton koronelak, eskatu zuten.

Eta Ameriketako Estatu Batuetatik Japoniara joango gara eta Reflections on an old japanese folk song lanarekin japoniar folkloreko melodia preziosista bat gogoratuko dute: Suiryo-Bushi. Pentafoniak eta Sparke-ren kolore-paleta magistralak ekialde urrunerako bidaian eramango dituzte, sentsualitatez eta garbitasunez betetakoa.

Gero Estatu Batuetara itzuliko gara Washington hiriko National Mall-en, Etxe Zuritik gertu dauden zenbait estatua bisitatzeko. Three Washington Statues lanean hauek ikusiko dituzte soinuen bidez: Lincoln Memorial, Greziako doriar tenplu baten itxuran; 2011n Martin Luther Kingeri eskainitako monumentua, arrazakeriaren aurkako borrokalari mitikoaren esaldia erakusten duena, "Amets bat daukat"; eta azkenik Washingtoneko Howar Theateren kanpoko aldean dagoen 'Encore' izeneko estatua, Zachary Osmas eskultoreak Duke Ellingtoni dedikatu ziona.

Bigarren zatian, Gabriel Faureren Requiem lanaren bandarako bariazio batzuekin hasiko dira. Moving Heaven and Earth lanean, bandaren soinuek oratorioaren esaldia ekarriko dute: "Quando caeli movendi sunt et terra (zeruak eta lurrak mugitzen direnean)".

Eta bukatzeko, Sparke maisuaren Bigarren Sinfonia entzungo da, A Savannah Symphony, Georgia estatuko hiri amerikar horren historian oinarritzen dena. Hiru mugimenduetan, maisuak kontatuko du nola heldu zen James Oglethorpe jeneral britainiarra Yamacraw Bluffera 1733ko otsailaren 12an.

Gero, iraultzaren gerran murgilduko da Cotton Gin makinaren deskribapenean; Eli Whitneyk 1793an sortu zuen makina hori kotoi-zuntzak biltzeko. Azkenik, musikak XIX mendeko arkitekturaren dotorezia deskribatuko die bertaratutakoei. Dotorezia hori oraindik ikus daiteke Savannahn, amerikarrentzat balio handia daukan gordeleku historikoan. Bidaia berezia protagonista berezi baten eskutik.

Zuzendari gonbidatua: Philip Sparke (Londres, 1951)

Philip Sparkek Konposizioa, Tronpeta eta pianoa ikasi zituen Londreseko Royal College of Music eskolan. Bertan egon zen denboran banden inguruko interesa sortu zitzaion. Hain zuzen ere, Royal Collegeko Bandan ibili zen eta zenbait kiderekin Brass Band bat sortu zuen, eta talde bietarako konposizioak egin zituen.

Garai horretan argitaratu zituen bere lehen lanak: Concert Prelude (brass band) eta Gaudium (wind band). Eta orduantxe hasi zen enkargu handi eta garrantzitsuak jasotzen, esaterako Zeelanda Berriko Centennial Brass Band Championshipserako lana, The Land of the Long White Cloud. BBC kateak eskatutako lanak idatzi zituen eta harentzako irabazi zuen EBU New Music for Band Competition hiru aldiz, Slipstream, Skyrider eta Orient Express lanekin. Zeelanda Berria, Suitza, Holanda eta Australiako Brass banden lehiaketetarako idatzi ditu lanak, bai eta Londreseko Royal Albert Hallen egiten diren finaletarako ere.

Japoniatik Celebration lana idazteko enkargua jaso zuen, Tokyo Kosei Wind Orchestra ospetsuarekin grabatzeko. 1996an, AEBko Air Force Bandek Dance Movements lana eskatu eta grabatu zuen, eta lan horrekin irabazi zuen 1997ko Sudler Sari garrantzitsua. 2000. urteko irailean Iles Medal saria jaso zuen Worshipful Company of Musicians konpainiarengandik, brass banden inguruan egindako lanagatik.

2011n BUMA International Brass Award saria jaso zuen metalezko instrumentuen musikara egindako ekarpenagatik. 2005ean National Band Association / William D. Revelli Memorial Band Composition Contest saria irabazi zuen Music of Spheres lanarekin, eta sari bera lortu zuen 2016an, A Colour Symphony lanaren partiturarekin.

Zuzendari eta irakasle-lanek Europako herrialde gehienetara eta Eskandinavia, Australia, Zeelanda Berria, Japonia, Taiwan, Hego Korea, Kanada eta AEBra eraman dute. 2000. urtean bere argitaletxea sortu zuen, Anglo Music Press.