"Bikain" kalifikazioa Bilbobusentzat

uriola.eus 2017ko ots. 16a, 11:00

Seigarren urtez jarraian, puntuazio onarekin amaitu du urtea Bilbobus hiri-garraioaren udal zerbitzuak. Bilbobusen erabiltzaileek “bikain” nota jarri diote zerbitzuari eta % 30ek uste du hobetu egin dela bere kalitatea 2015arekin alderatuta.

Hori da Bilbobusen 2016ko balantzetik ateratako datuetako bat; izan ere, urte horretan ibilgailu elektriko bi sartu zituen flotan. Horrela, lurraldeko garraio publikoaren lehenengo zerbitzua da ibilgailu elektrikoak sartu dituena bere flotan.

Bidaiarien urteko balantzeari dagokionez, ia 26 milioi pertsonak (25.927.839) erabili zuten iaz Bilbobus zerbitzua, 2015ean baino (193.300) % 0,7 gutxiagok. Erabaki berri batzuk ere hartu ditu Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak, hala nola, 4 urtetik 6ra pasatzea txartela ordaindu barik ibiltzeko adina. Erabaki hori abuztuan jarri zen abian eta mugikortasun jasangarria bultzatzeko eta hobetzeko udalak duen helburuaren barruan sartzen da.

Gehien erabili diren lineei dagokienez, kopuruak 2015. urtekoen nahiko antzekoak dira. 77. linea (2.068.341) eta 56. linea (1932.802) dira oraindik erabilienak, eta 28. eta 62. lineetan ugaritu zen gehien erabiltzaileen kopurua: 28.084 eta 18.033 erabiltzaile gehiago, hurrenez hurren.

Hilabetekako balantzeari dagokionez, maiatza izan zen bidaiari gehieneko hilabetea (2.385.163). Astelehenetik barikura, bildu zen jende gehiena, eta lanegunetan, batez beste 86.362 lagunek erabili zuten zerbitzua. Eguena da jende gehien dabilen eguna eta puntako ordua Bilbobusen 13:00etatik 14:00etara izan zen.

Erabiltzaileen profila eta txartel motak

Bidaiarien profilari dagokionez, azkeneko datuen arabera, Bilbobus garraio-zerbitzuaren erabiltzaile nagusia emakumea da (kasuen %70), 31 eta 64 urte artean ditu (% 55) eta besteen kontura lan egiten du (guztizkoaren % 50ek profil hori du).

Txartel motari dagokionez, erabiltzaileen % 97k Barik txartelaren modalitateren bat erabiltzen du, horietako % 77k Barik normala, eta % 17k Gizatrans. Hirukotrans, Bilbotrans eta Gazte, berriz, % 1ek, hurrenez hurren. Creditrans da Bilboko errepide bidezko garraiobideetako preziorik merkeena duena (0,64 euro), eta erreferentziazko hirietako batez bestekoa baino merkeagoa izaten jarraitzen du.

Bilbobus elektrikoa

2016ko nobedadeetako bat Bilbobusen flotan ibilgailu elektrikoak sartzea izan da, erabat isilak, kutsatzen ez dutenak eta 200 kilometrotik gorako autonomia dutenak. Ibilgailu jasangarriak dira, ohiko errekuntza sistemako autobusen aldean, ibilgailu elektriko hauek bizitza guztian ez dutelako 800 tona CO2 isurtzen. Bilbok, horrela, besteak beste, Bartzelona, Londres eta Marseillarekin bat egin du; eta, hiri barruko autobusen artean autobus elektrikoak ditu.

Gainera, 6 ibilgailu berrirekin berriztatu da flota. Ibilgailu horiek ikuspen perimetraleko (360º) kamera-sistema berri bat daukate eta gidariak inguru osoan gertatzen dena ikus dezake.

2016an flota 8 ibilgailurekin berritzeko 2,6 milioi euroko inbertsioa egin da.

Lineak, geralekuak eta azpiegiturak

27 ohiko lineek, 8 Auzolineak eta 8 Gautxori zerbitzuek osatzen dute udal garraio-zerbitzua. Bilbobusek 148 autobuseko flota du, eta zerbitzuak 517 geraleku ditu Bilbo osoan zehar banatuta; hau da, biztanleriaren % 99,8k 300 metro baino gutxiagora geraleku bat du.

Informazioa eta teknologia berriak

Bilbobusek 141 informazio-terminal ditu geralekuetan.

Era berean, udal garraio-zerbitzuak. Bilbobusen web-orri horren bidez 1.452.159 kontsulta egin ziren iaz geralekuan zenbat denbora itxoin behar zaion autobusari jakiteko, aurreko urtean baino % 14 gehiago.

Bestalde, 2016an Bilbobus aplikazioaren 10.000 deskarga egin dira eskuko telefonoetara.

Gogobetetze-indizea: oso balorazio bikaina

Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak egindako inkestaren arabera, Bilbobusen bezeroen gogobetetze-indizea finkatu egin da, eta oso puntuazio ona du: 7,41 puntu hamarretik.

Auzolineak dira puntuaziorik altuena lortu dutenak (7,51) eta bezeroari eskainitako informazioa eta irisgarritasuna dira ondoen baloratutako alderdiak (7,59 eta 7,46 hurrenez hurren).

Erabiltzaileek zerbitzuaren bilakaera hautemateko moduari dagokionez, inkestatutako pertsonen % 61ek zerbitzuak kalitateari eutsi diola adierazi zuen; eta % 29k, aldiz, 2016. urtean zerbitzua nahikotxo edo asko hobetu zela adierazi dute. Inkestaren arabera, linea hauetan hauteman da hobekuntza-indizerik handiena: 75, 11, 34, 71 eta 10.ean.

Alderdirik garrantzitsuenak erabiltzailearentzat gidarien profesionaltasuna eta adeitasuna dira. Hortik ikusten da hobeto baloratzen direla langileekin lotutako arloak, geralekuekin edo ibilgailuekin lotutakoak baino.