Auto-gidariek, eta oinezkoek duten erantzukizunari buruz eta, batez ere, guztien jokabide ausartegiek eragin ditzakeen arriskuez ohartaraztea izango da kanpaina honen helburu nagusia.
Udaltzainek, bataz beste, lau kontrol egingo dituzte egunero, bi goizez eta beste bi arratsaldez, kokapenagatik edo jendearen joan-etorria handia delako bide segurtasunaren ikuspegitik arriskutsuak izan daitezkeen oinezkoen pasabideetan. Beste lau kontrol bizikletak ibiltzen diren ohiko lekuetan egingo dituzte.
Arau-hausteak zaintzeko eta gidariek eta oinezkoek zirkulazio-araudia betetzen duten begiratzeko egingo da kanpaina, betiere istripuen arriskua eta oinezkoak harrapatzeko arriskua murrizteko. Kanpainaren helburua ez da isunak jartzea izango, jendea ohartaraztea eta arriskuez jabetzea baizik.
Ildo honetan, 2016an zehar harrapaketak kontrolatzeko bi kanpaina egin ziren, eta horietan 46 kontrol; guztira, 5 salaketa bakarrik jarri ziren (bat, oinezko bati eta lau, auto-gidariei), nahiz eta 149 oinezko ohartarazi zituzten euren jarrera dela eta.
Bide Segurtasunerako aholkuak
Galtzada zeharkatzean oinezkoaren jokaera egokia eta auto gidariaren maniobra ona eta ardura zorrotza ezinbestekoak dira oinezkoak ez harrapatzeko. Biak ala biak – oinezkoa eta gidaria- eragile aktiboak dira errepideko segurtasuna bermatzeko orduan eta beraientzako dira aholku hauek:
Gidarientzako aholkuak:
• Kontu handiz ibiltzea garajeen sarrera eta irteeretan.
• Ibilgailua oinezkoen pasabideetatik gertu ez aparkatzea.
• Arreta handiagoa izatea iluntzean zeharbideetan eta argi gutxi dagoen zonetan.
• Arreta handia izatea haurrak asko ibili ohi diren lekuetan; hala nola, ikastetxeen edo haur-parkeen inguruetan.
Oinezkoentzako aholkuak:
• Beren-beregi prestatutako lekuetatik pasatzea eta ziur egotea gidariek badakitela pasatuko garela.
• Seinalerik gabeko leku batetik pasatu gura badugu, galtzadaren bi aldeetara begiratzea eta bidegurutzeen inguruan zeharkatzea, hots, gidariek arreta handiagoa izaten duten lekuetan.
• Galtzadara bat-batean ez ateratzea.