Euskal kantutegi zahar eta berrian dauden abestiak ikusleekin elkarrekin abestea helburu duen kontzertu berezi honetan publikoaren parte hartzea ezinbesteko osagaia izango da. Ekitaldian, musikari eta ikusleen arteko lotura egiteko, Josu Zarate izango da. Era honetan, txistua, baxu elektrikoa eta pianoa protagonista izango direlarik, emanaldian zehar, Iñar Sastreren moldaketak izango dituzten euskal konposizio oso ezagunak interpretatuko dira. Egun, Sastre Musikenen, Pariseko Conservatoire National Superieur de Musique et de Dans-en ari da goi-mailako ikasketak egiten eta horretaz gain, Pariseko Conservatoire Ravel-ean ari da piano jazz ikasten.
Xabier Leteren Kontrapasa eta Xalbadorren heriotzean, Urretxindorraren Udaberria datorrenian edota guztiz ezagunak diren taldeen abestiak abestuko dira, besteak beste:
Sorotan Beleren Arratsalde honetan, Oskorriren Violetaren martxa, Maixa eta Itziarren Iluntzean, Gozategiren Nirekin, Hertzainaken Aitormena, Tapia eta Leturiaren Konpostelako erromesa eta Telesforo Monzon-Pantxoa eta Peioren Batasuna. Egile ezezaguneko baina denon memorian ditugun konposizioak ere entzungo dira: Salamankara, Markoxen txerrixe, Eperrak eta Ixil ixilik. Ezkontzez, lagunez, momentu zailez, alaitasunez… hitz egiten duten doinuak ditugu elkarrekin. Kontzertu honetan, inoiz baino gehiago, guztiok gara protagonista.
Banda, Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier Garcia osatua martxoaren 6an bueltatuko da eszenatokietara 'Txistu eta piano errezitala' eskaintzeko. Bertan, ganbara musika, binaka, bakarka, etabar luze bat interpretatuko dira Mariano Santamaria piano-jolearen eskutik.
Bilboko Udal Txistulari Banda
Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier Garcia. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina. Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.
Bandak baditu sei diska eta DVD bat kaleratuak: 'Bilboko Udal Txistu Banda' (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin 'Harizko Txistua' (2006); 'Hala ere' (2007) Kepa Junkera, Pello Ramirez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; 'Bihurrikeritan' (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; 'Kantari Gabonetan' (2010) Leioako Kantika Koralarekin; 'Plazan' (2014) erromerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; eta azkena, 'X Urte, hamaika lagun' (2015) DVDa heuren hamargarren urteurrena ospatzeko.