Termibuseko behin behineko geltokia otsailaren 24tik 25ra bitarteko goizaldean jarriko dute martxan

uriola.eus 2017ko ots. 23a, 08:00

Behin-behineko geltokiak 20 nasa izango ditu, arrainaren hezurduraren itxuran eta aparkalekua emateko sistema berria, nasetara heldu ahala. Sarrera-irteerak, orain artekoak izango dira: sarrera Gurtubay kaletik eta irteera Luis Briñas kaletik.

 

Geltoki intermodal berria egiteak dakarren lehenengo erronkari aurre egiteko prestatzen ari da Udala: jarduera behin-behineko geltokira lekualdatzeko obrak gauzatzen hasteko.

Aldaketa hori bidaiari gutxien dituen asteko egunean egingo da: otsailaren 24tik 25era bitarteko goizaldean, ostiraletik larunbatera bitartekoan, alegia. Behin-behineko geltokia Termibus ondoko orube batean jarri da.

Behin-behineko geltoki hori prest dago jada bidaiarien eta operadoreen premiei erantzuteko eta garapen betean dagoen ingurunean txertatzeko, nahiz eta jakin endredoak sortuko direla.

Horretarako lan batzordea eratu dute, Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Saila da buru dela eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saila eta Herritarren Segurtasun Saila kide direla. Batzorde horrek lekualdatzeko dispositiboa eta lekualdaketaren ikuskapena diseinatu ditu, arreta berezia jarrita segurtasunean, trafikoan eta inguruaren garbiketan.

Behin-behinekotasuna ez da oztopo izango, gaur egun Termibusen eskaintzen diren zerbitzu berberak emango dituelako. Behin-behineko geltokiak 4.000 metro karratu izango ditu eta irisgarritasuna eta intermodalitatea bermatuta egongo dira. 20 nasa izango ditu, arrainen hezurduraren erara antolatuta, eta autobusak aparkatzeko sistema berria, heldu ahala. Langa elektronikoaren eta matrikulak irakurtzeko gailuaren bidez, geltokirako bidea emango zaie autobusei. Horretarako, Udalak Gurtubay kaleko errei bat gordeko du, nasa esleitzen zaien bitartean autobusak zain egon daitezen. Oraingoz, Perez Galdos kaleak errei biak izango ditu zabalik.

Behin-behineko geltokian taxientzako lekua ere egongo da: 12 leku finko eta beste 3 leku bidaiariak jasotzeko, aparkatuta geratzeko aukerarik gabe.

Geltoki berrira joateko garraio publikoa erabiltzea eta norbere ibilgailuan ez joatea gomendatzen da.

Geltokiko zerbitzuak

Gaur egun Termibusen ematen diren errepideko garraiorako zerbitzu guztiak emango dira behin-behineko geltokian, baita zerbitzu osagarriak ere: kafetegia, kontsigna, leihatilak, informazioa, itxaron-gela… Zerbitzu horiek nasen ondoko eraikineko beheko eta lehenengo solairuetan banatuko dira. Beheko solairuan kafetegia, kioskoa eta komunak egongo dira; lehenengo solairuan, ordea, leihatilak, kontsigna, itxaron-gela eta gestioaren arloko bulegoak.

Lehenengo solairuko zerbitzuetarako sarbideak eraikinaren atzeko aldean egongo dira; arrapala bi jarriko dituzte. Nasen ondoan autobusetara igotzeko eta jaisteko espazioa egongo da. Estalitako behin-behineko gunean 3 kutxazain, txartelak eskuratzeko 9 makina eta eskuko telefonoak kargatzeko puntuak egongo dira.

Behin-behineko geltokiko nasa nagusian wifi konexioa eta gau eta eguneko segurtasuna egongo dira. Horrez gain, Bilboko Udaltzaingoak zaintza-lanak areagotuko ditu inguruetan.

Aldaketak zirkulazioan

Beste alde batetik, Termibuseko behin-behineko geltokia zabaltzeak -otsailaren 24tik 25erako gauean- aldaketak ekarriko ditu inguru horretako zirkulazioan.

Hartara, Gurtubay kaleko erdiko erreia, Basurtuko Kaputxinoen eta Perez Galdos kaleen artekoa, okupatu egingo da; behin-behineko geltokira doazen autobusentzat –ez beste inorentzat- izango da errei hori.

Perez Galdos kalean (Garellano plazatik gertuen daudenak), Gurtubay eta Luis Briñas kaleen artean, zirkulaziorako errei bi zabalduko dira, behin-behineko geltokikoek, Garellano plazako garajeetakoek eta etxebizitza-eraikina egiteko obretakoek bakarrik erabiltzeko.

Era berean, hilaren 25ean hasita, Sabino Arana etorbidean, Zunzunegi etorbidearen eta Egia Jeneralaren kalearen artean, ibilgailuen zirkulaziorako noranzko bi jarriko dira.

Azkenik, Termibuseko geltokia ixten denean, Bilbobuseko 38. linearen hasiera Perez Galdos kalera -Luis Briñas kalearen ondora- lekualdatuko da eta taxien geralekua Luis Briñas kaleko 33ra.

Garellanoko geltoki intermodala

Garellanoko geltoki intermodala errepideko garraioaren Bilboko eta Bizkaiko geltoki intermodala izango da, bertan elkartuko baitira tranbia, hurbileko trenak, bizkaibusak, bilbobusak, metroa, taxiak eta autobusak. Horrez gain, Abandoko geltokiaren osagarri izango da, geltoki hori trenbideetako garraioko geltoki intermodala izango baita.

Termibuseko oraingo geltokia martxoan hasiko dira kentzen eta lurpeko geltoki berria egiteko lanak maiatzean. Sestrapeko lanak eta lur gainean geratuko den 7.500 metro karratuko plaza egiteko epea 18 hilabetekoa izango da.

Lurpeko geltoki intermodala funtsezkoa izango da auzoaren eta hiriaren garapenean eta etorkizunean. Ez da autobusen joan-etorririk egongo ez lur gainetik ez Luis Briñas kaletik eta, hala, bertako trafikoa baino ez da egongo. Sarbidea Gurtubay kaletik izango du eta ingurunean izango dituen eraginak gutxituko ditu. Gainera, 7.500 metro karratu libre geratuko dira, bertan plaza bat egiteko. Espazio horri, Basurtuko Auzoaren Bihotzean, Sabino Aranatik Errekalderaino egindako jardueraren bidez sortu den aukerako 100.000 metro koadroko eremua gehitu behar zaio, baita Feveren trenbidea lurperatu ondoren geratuko den eremuaren urbanizazioa ere.