uriola.eus

LOMCEri, Heziberriri eta hezkuntza sistema inposatuari desobedientzia!

  Iritzia  Bilbo

Otsailaren 23an zita garrantzitsua dugu ikasleok Euskal Herriko zein estatu Espainiarreko hamaika txokotan. Otsailean zehar Herrialde Katalanetako zein Galiziako ikasleekin batera kaleak hartuko ditugu Hego Euskal Herriko ikasleok, kurtso honetan emango diren ikasle mobilizazio zikloan lehen urratsa emateko asmoz.

Izan ere, aurten are ikasle gehiago izango dira erasotuak LOMCE legearen aplikazioaren bitartez, EAEn Heziberri izenpean ezartzen ari direna eta estatu Espainiarreko gobernuak aurkeztu duen hezkuntza itun berriaren oinarri dena.

2016-2017 kurtso honetan, hain zuzen ere, LOMCE legeak zehaztutako edukien eta kurtso amaierako errebaliden aplikazio zuzena ematen ari da. Aplikazio hauek egun inposatua izan den hezkuntza sistemaren baitan ulertzen dugu, merkatuaren logikan aritzen den eta estatu espainiarreko elite ekonomikoei mesede egiten dion hezkuntza sistemaren baitan hain justu. Ikasleak lehiakortasunean eta indibidualtasuna hezituko dituen eta gure herriaren nazio izaera alde batera utziko duen hezkuntza sistema honi aurre egiteko beharra ikusten dugu; heziguneetan, ikasleria, hezkuntza komunitatearekin batera, LOMCEren aurkako borrokara salto egiteko premia dugu.

Horregatik, lege arrotze kontra egiteko herri zapalduentzako nazio zein klase askatasuna aldarrikatzea ezinbesteko zaigu, baita zapalduen arteko batasunez ekitea ere. Tokian tokiko errealitateak ulertzearekin batera, herriaren askatasunera bideratua egongo den hezkuntza eraikitzeari ekingo diogu, ikasleen arteko elkartasunean oinarrituko dena. 

Otsailaren 23an, 12etan, Bilboko Hezkuntza Delegaritzan izango den kontzentraziora parte hartzeko deia luzatzen dizuegu. 

Ikasleon eskubideen defentsan LOMCEri, Heziberriri eta hezkuntza sistema inposatuari desobedientzia! Gure hezkuntza eredu propioa eraiki dezagun!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa