Herri jakintza garatu eta gizarte eredu berri bat eraikitzeko herri unibertsitateak egin dituzte Hego Euskal Herriko campus ugaritan. Aurtengoan "salto kualitatiboa" eman dute ikasleek. Izan ere, astelehenetik asteazkenera campus bakoitzean egitarau propioa garatu ondotik, San Mamesen elkartu dira Euskal Herriko txoko askotako ikasleak asteazken eta ostegunean.
Asteazken gauean ikasleak San Mameseko fakultateko teilatura igo izana desalojoa saihesteko "ekintza desobedientea" izan dela ohartarazi dute ikasleek. Salatu dutenez, gainera, ez da egia arauak ez betetzeagatik agindu zutela desalojoa, beste campusetan egindako Herri Unibertsitateetan ere ez baitzituzten arau guztiak bete: "Atzoko desalojoak ez dio arauak betetzeari ala ez betetzeari erantzuten, baizik eta San Mameseko zuzendaritzak Ikasle Mugimenduaren espresio oro zapaltzeko duen xedeari".
EHUri eta Nekane Balluerka errektoreari egotzi diote desalojoa, eta, beraz, teilatura igotzearen ekintza bera egitearen ardura: "Fakultateko honetako zuzendaritzak daukan errutik haratago, Nekane Balluerka errektoreak ere badu bere erantzunkizuna; izan ere, gaur adierazpen publikoak egiteko inolako dudarik izan ez duen bezala, baterajotzearen aurretik bere aurkakotasuna publikoki adierazi balu, ziur gaude Herri Unibertsitatea ez zela desalojatua izango".
Eraso guztien aurrean Herri Unibertsitatea eraikitzen segitzeko deia egin dute ikasleek, eta horretarako borrokan jarraitzeko deia luzatu diete ikasle zein herri mugimenduko kideei.
Agerraldiko oharra