Inposaturiko LOMCE eta Heziberrieren aurka mobilizatu dira ikasleak IAk deituta

topatu.eus 2017ko ots. 24a, 09:11
Argazkia: topatu.eus

Manifestazioak, elkarretaratzeak, paroak eta herri eskolak egin dituzte herri eta hiri ugaritan. Bilbon, Ertzainek oztopatu egin diete Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean protesta egitea, baimena izan arren.

Ikasle Abertzaleek deituta, LOMCE eta Heziberri hezkuntza erreformen aurka mobilizazio ugari egin dituzte gaur Hego Euskal Herrian, otsailean Herrialde Katalanetan eta Galizian egindakoei jarraipena emanez. Mota guztietako protesten bidez adierazi dute inposaturiko erreformaren kontrako aurkakotasuna. Iruñean, esaterako, herri eskolak egin dituzte Iruñerriako ikasleek. Gasteizen, Laudion eta Durangon, berriz, manifestazioa egin dute. Gasteizkoan LOMCE eta Heziberriren paperak erre dituzte martxa bukatzerakoan, eta Ertzainek hiru gazte identifikatu dituzte (horietako bat trago bat hartzen ari zen bitartean). 

Beste herri askotan elkarretaratzeak egin dituzte: Lekeition eta Gernikan, adibidez. Bilbon ere elkarretaratzea egitekoa zuten Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean. Horretarako baimena eskatua eta jasoa zuten ikasleek, baina Ertzainek oztopatu egin diete eraikinaren aurrean biltzea, eta pareko espaloira joan behar izan dute elkarretaratzea egitera. 

 

[2017-02-23] Argia Kortabitarte: "LOMCEri, Heziberriri eta hezkuntza sistema inposatuari desobedientzia!"