“Euskal musikaren benetako istorioa” umorez eta zuzeneko musikarekin kontatzeko asmoz dator Ez Dok Hiru ikuskizuna. Ordu eta laurdeneko saioan Mikel Martinez eta Patxo Telleria bikote artistikoak euskal musikaren imajinario kolektiboaren errepaso “ironiko, absurdu eta dibertigarria” egingo du. 200 euskal kanta baino geihago biltzen ditu antzezlanak, Adrian Garcia de los Ojos, Maria Telleria eta Ivan Allue musikari-aktoreek zuzenean joko dituztenak.
Tartean teatroak ekoitzitako antzezlanak hasiera eman dio 2017ko Loraldia jaialdiari, eta Euskal Herriko beste hainbat oholtzatan izango dira abenduaren 15a bitartean. “Gure musika ondarea, altxor bat da, gure memoria historikoaren lekuko emozionala”, azpimarratu dute antzerki konpainiako kideek. Euskarari, hitzari, umoreari eta antzezpenari eman diote garrantzia Ez Dok Hiru antzezlanean.