Aratusteak 2017

Aratusteak ez dira amaitu!

uriola.eus 2017ko mar. 3a, 09:14

2015eko Santutxuko Aratusteak. Arg: Iñigo Azkona

Asteburu honetan auzo ugaritan ospatuko dituzte inauteriak. Hainbat herritar taldek antolatuta, Ibarrekolandan, Deustu Ibarrean, Zorrotzan, Altamiran, Santutxun, Basurtun, Uribarrin eta Bilbo Zaharrean ikusiko ahal izango ditugu auzotarrak mozorratuta.

Uribarri

Uribarrin pelikuletako giroan sartuko dira auzotarrak. Eguerdian auzoko argazki zaharrekin ginkana egingo dute, eta amaitzean indarrak berritzeko tostada lehiaketa. Arratsaldeko 17:00etan mozorro jaitsiera izango da, eta jarraian Salbatzaileko Fanfarriaren erromeria, sari banaketarekin batera.

 

Bilbo Zaharra

Bilbo Zaharra espazio zabalean murgilduko da larunbat honetan. 13:30etan “123 festa baietz” antzerkia ikusi ahal izango dute auzoko umeek auzoko plazan. Jarraian, kultur etxera joango dira auzotarrak herri bazkaria ospatzera, eta gaueko 20:00etan Babar Lavandaren eskutik musika egongo da auzko plazan.

 

Basurtu

Basurtuko auzoan, Basurto Berri Merkatarien Elkarteak, Beti Jai Alai dantza taldeak eta Bilbao Ekintzak asteburu osoko egitaraua antolatu dute. Larunbatean 18:00etatik aurrera aratusteetako dantzak, umeentzako musika eta DJ-a izango dira auzoan, eta igande eguerdian desfilea eta mozorro-lehiaketa.

 

Santutxu

Santutxun ostiraletik hasita igandera arteko programa betea antolatu dute auzotarrek. Martxoaren 3an, ostirala, Txoro eta Mokoko pailazoak izango dira Karmelo plaza alaitzen, eta ondoren albokariek musikaz jantziko dituzte auzoko kaleak kalejira bitartez. Larunbatean, Gaztedi dantzari taldearen eskutik "Lantzeko inauteri handia" ospatuko dute auzotarrek, eta igandean, Aratusteei amaiera emateko, desfilea eta dantzaldia Jokaldi taldearekin.

 

Zorrotza

Zorrotzan Aratusteak ostiraletik larunbata bitartean ospatuko dituzte. Ostiralean 17:30ean umeentzako festa antolatu dute Gaztetxean eta 19:00etan Txokolatada Madness Tabernan. Larunbat goizean 12:30ean umeentzako animazioa egongo da Gaztetxean, eta arratsaldeko 17:00etan jaitsiera eta desfilea. 18:30ean taberna eta saltokien sari banaketa egingo dute, eta jarraian desfileko irabazleen sariak banatuko dituzte. Arratsaldean zehar umeentzako diskofesta, txokolatada Merkatari Elkarteak babestuta eta 21:00etan elektrotxaranga Aldats taldearekin, festa ondo baino hobeto amaitzeko.

 

Ibarrekolanda

Ibarrekolandan ere, auzoko hainbat talderen eskutik, egitarau oparoa antolatu dute zapatu honetarako. 12:00etan Kokotean Kolpe Fanfarrearekin mozorro kalejira egingo dute auzoan zehar. Eguerdiko 14:30ean indaba bazkaria izango da Ibarrekolanda Institutuko estalpean, eta 18:00etan txokolatada. Amaitzeko, Ibarretukada taldeak auzoa erritmoz eta dantzaz beteko du, eta jarraian D.J. Xaibor izango da.

 

Erribera

Larunbatean, martxoak 4, Txitxardin Jai Batzordeak antolatuta, Erriberako Inauteriak ospatuko dituzte. Zirkua ardatz izanda, saltinbakiak, gizon-garabiak, bibotedun espekulatzaileak, trapezista eta akzionistak... izango dira nonahi.

 

Altamira

Altamiran ere ospatuko dituzte Aratusteak zapatu honetan. Umeentzako puzgarriak, gynkana, mozorro lehiaketa, txokolatada, txorizo jana ibiltaria eta karaoke ibiltaria antolatu dituzte besteak beste Altamirako Jai Batzordeko kideek.

 

Hainbat kale mozketa

Aratusteen desfileetako jaitsiera dela eta, Udalak hainbat kaletan etenak egongo direla ohartarazi du.

Larunbatean Zorrotza auzoan ibilgailuen zirkulazioa motelduko da 17:00etatik 18:00etara bitartean, baina garajeetarako sarbideak zabalik egongo dira. Uretamendi, Betolatza eta ingurubidean ere kotxeen zirkulazioa tarteka etengo da, 17:00etatik 18:30etara, eta Uribarrin 17:00etatik 18:00etara. Hala ere, desfileak aurrera egin ahala, antolatzaileek ibilgailuak pasatzen eta garajeetako sarrera-irteerak egiten utziko dute. Uribarrin desfileak irauten duen bitartean Bilbobus zerbitzuaren ordutegian aldaketak egon daitezkeela ere ohartarazi du Udalak.

Basurtun, zapatuko 17:45etatik 01:00etara, eta eta domekako 12:00etatik 15:00etara bitartean, Geltokiko kalea itxi egingo da 1etik 5era bitarteko zenbakien artean. Horren ordez, Basurtubekoa Kalea erabili ahal izango dute kotxe erabiltzaileek.