Bilboko historian emakumeek izan duten roletan sakontzeko ibilaldi turistikoak

uriola.eus 2017ko ots. 28a, 10:00

Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Udalak berriz ekingo dio iaz efemeride honen harira abian jarritako 'Emakumeak Bilboko Historian' proiektuari. Udalaren ekimen hau emakumeen figura, jarduna eta garrantzia agerian uzteko, nabarmentzeko eta duten balioa emateko garatuko da. "Izan ere, emakumeek bakarka zein modu kolektiboan lagundu dute euren eraginez eta lanez Bilboren garapenean".

Aurten, Bilboko Udalak bigarren ibilbidea aurkeztu nahi du. Haren izena hauxe izango da: 'Emakumeak Zorrotzaurren eta Olabegan: iragana, oraina eta etorkizuna'. Itsasadarra izango da ibilbidearen ardatza. Alde horietako industria-arkeologia izango da gaia eta emakumeek Bilbo eraikitzen egin duten ekarpena eta izan zuten egoera azpimarratuko dira.

Ibilaldia parte hartzen dutenek emakumeek auzo horietan izandako rolen bilakaera ikusi ahal izango dute; gaur arte, zelan aldatu diren eta kale horien etorkizun hurbila ere irudikatzeko aukera emango zaie. Bilboko ibilbide turistikoetatik kanpo dauden lekuetatik pasatuko da. Leku horiek nolabait batera joan dira euren historian eta garrantzi handia izan dute uriaren garapenean.

Auzo horiek itsasadarraren ondo-ondoan daude eta ontziolen eta itsas-jarduera asko egon ziren bertan. Horren ostean garapen industriala izan zuten. Bilbo eta Bizkaiarentzat eta haren historiarentzat funtsezko alderdiak izan ziren horiek. Gainera, historia honetan emakumeek Olabeagako, Zorrotzako eta Zorrotzaurreko bilakaeran izan zuten rola azpimarratu behar da; hasi zirgariengandik eta fabrika ugariko emakume langileenganaino.

'Emakumeak Zorrotzaurren eta Olabeagan: iragana, oraina eta etorkizuna' izeneko programaren xedea Bilboko gizarteari eta ekonomia, gizarte zein kultura-mailako garapenari ekarpen handia egin dioten eta oraindik egiten dioten emakumeei erreparatzea da. Udalak memoria historiko nolabait hurbila berreskuratu nahi du, euren lanez uriaren errealitate berri bat egiten lagundu duten emakumeen ekarpena ezagutzera emateko eta haien jardunaren garrantziaz ohartarazteko.

Ibilaldiak martxoaren 1etik aurrera

Ibilalditxo berriak ordu eta erdikoak izango dira, Zorrotzaurren eta Olabeagan, eta martxoaren 1ean (asteazkena) hasiko dira, apirilaren 30era arte.

Hona hemen ordutegiak:

• Astearte eta asteazkenetan: 11:00etan eta 17:00etan.

• Ostegun eta ostiraletan: 16:00etan eta 18:00etan.

• Larunbatetan: 10:30ean eta 12:30ean.

• Ostiraletan: 18:00etan. Bisitaldiak euskaraz izango dira.

Izena ematean, euskara ala gaztelania, ibilaldia egitean azalpenak jasotzeko aukeratutako hizkuntza zein den esan beharko dute. Taldeak hizkuntzaren arabera eratuko dira.

Ibilaldia ludikoa izango da eta erreferentziako eraikin asko gaur egun ez daudenez gero, argazkiak eta dokumentazioak erabiliko dira, azalpenak ulergarriagoak izateko. Abiapuntua Artiach etxearen gaileta-fabrikaren eraikina izango da, hau da, Deustuibarra 70. Hortik Yolanda González plazatxoa, Coromina industrialen fabrika, Olabeaga, Frank Gehry zubia, Olaeta Balleten kalea, Karola, Euskalduna zubia eta Euskalduna jauregia.

Ibilaldietan parte hartu nahi duten pertsonek herritarrentzako arreta zenbakira (010 edo 94 401 00 10) deitu beharko dute 08:00etatik 20:00etara, otsailaren 27tik (astelehena) aurrera. Ibilalditxoak doakoak dira eta talde bakoitzean 30 pertsona joango dira.

Euren kabuz ibilbidea egin nahi dutenek Bilboko turismo-bulegoetan eta barrutietako udaltegietan horretarako prestatu diren foiletoak hartu ahal izango dira datozen egunetan. Bilboko Udalaren webgunetik ere horretarako dagoen azalpen luzeagoa ere deskarga ahal izango dira.

Lehen urratsak: 'Itsasadarra, zubiak eta emakumeak'

2016an ibilbide turistiko hauen programaren lehen zatia burutu zen: 'Itsasadarra, zubiak eta emakumeak'. Itsasadarraren ondoko ordu biko iraupena zuten ibilaldi gidatu haietan Bilbo arkitektonikoa bisitatzen zen: San Anton zubia, Erriberako Merkatua, Erriberako zubia, Mesedeetako zubia, Areatzako zubia, Udaletxeko zubia, Uribitarteko kaiak eta behinolako aduanaren eraikina. Toki horien historia ere ikasten zen, emakumeek uriaren eraikuntzan egin zituzten ekarpenak, izan zituzten bizipenak eta eragina azpimarratuta. Jarduera honekin, emakumeen bizimodua agertu nahi izan zen, zertan egiten zuten lan, zeintzuk ziren euren ohiturak eta egitekoak eta zer-nolako aldaketak ekarri zituen historian zehar gizonek egin izan zituzten lanak emakumeak egiten hasi zirenean XX. mendean.

Ibilbide hauek oraindik egin daitezke, informazioa ematen duen foiletoa erabiliz.