Loraldia 2017

Euskal Herriaren inguruan 3Dn egindako lehen filma

uriola.eus 2017ko mar. 15a, 09:10

Euskadi izeneko filma 1936an grabatu zen Rene Le Hennaffen zuzendaritzapean, Louis Lumiere zinematografoaren asmatzaileak garatutako cinema en rélief izeneko teknikaren bidez. Gaur ikusteko aukera izango da filma Loraldia festibala eta EHUren elkarlanari esker. 

Josu Martinez zinemagile eta idazle bilbotarrak aurkitu berri du Euskadi filma Frantziako zinema artxibategian. Aurkikuntza berria Azkuna Zentroan proiektatuko dute gaur. Loraldia Elkarteko koordinatzaile Mikeldi Uribe-Etxebarriak azpimarratu du filmaren aurkezpenarekin euskal historia kulturalaren transmisioa eta prestigioa “bultzatu, ezagutarazi, berreskuratu eta ikusarazi” nahi dutela.

Filmaren edukia baino, grabatzeko erabilitako teknika da lan hau benetan bereizten duena, Martinezen hitzetan. Izan ere, Euskadi Euskal Herriari buruzko lehen 3Dko filma izateaz gain, garai hartan teknika horretan grabatutako bakarretakoa ere bada. Pelikulak erliebean ikusi ahal izateko Lumiereren azken asmakizunak ez zuen arrakastarik lortu eta berehala baztertu zen, teknika horretan 20 film baino grabatu ez zirelarik. Horietako bat da Euskadi.

 

Ipar Euskal Herria atzerriko zinemagintzan

Erliebeko zinemaren teknika "luzitzeko" Ipar Euskal Herria hautatu zuen Rene Le Hennaff Euskadiren zuzendariak. Josu Martinezen ustez, film honen aurkikuntzak tendentzia bat konfirmatzen du: "Zinemagile atzerritar handiek Ipar Euskal Herria hautatu zuten asmakizun berriaren potentzialitatea erakusteko".

22 minutuko dokumentalean Ipar Euskal Herriko paisaiak, kantuak eta dantzak erakusten dira, "hainbestetan ikusi dugun Euskal Herri mitiko, bukoliko, baserri giroko hori" erakusteko, azaldu du Martinezek. Hala ere, turismoaren gaia eta hirietako irudiak ere azaleratzen dira. "Txukun txukun errealizatutako filma da, teknikoki oso ongi pentsatua, erliebeari ahalik eta zuku gehien ateratzeko", adierazi du filmaren aurkitzaileak.

 

Kopia lortzeko zailtasunak

Filmaren inguruko zenbait aipamenen arrastoari jarraituz, Martinez filmaren bila hasi zen. Informazio gutxi eta nahasia zegoen. Azkenean, Jose Mari Unsain historialariak eman zion "pista ona". Parisen dagoen Frantziako zinema artxibategian aurkitu zuen nitratozko kopia originala, baina ikusteko arazoak izan zituen digitalizatu beharra baitzegoen.

Behin digitalizatuta, ez zioten pelikularen kopia eskuratzeko baimenik eman nahi izan Martinez ikerlariari, ordea, hilabetez Euskal Herrian proiektatzeko eskubidea erosi ahal izan du. Gaur, martxoak 15, Azkuna Zentroan proiektatuko da, Loraldia festibalaren barruan. Saio hori baino lehen, hilaren 11n, Iruñeko Punto de Vista Zinemaldian ere ikusi ahal izan zen, eta jarraian Donostian eta Baionan, martxoaren 23 eta 24an.

Emanaldi hauetan guztietan Euskadi filmaz gain 60ko hamarkadako euskal kulturaren inguruko bi dokumental suediar erakutsiko dira: Basker eta Bonde i Baskerland. Dokumental hauek EHUko ikerlari den Argibel Euba Ugartek aurkitu ditu berriki.