Hori kontuan hartuta, egun horretako emaitzak baloratu ondoren, geltoki berriaren jarraipena egiteko sortu den Lan Batzordeak neurri berriak ezarri zituen segurtasuna, zirkulazioa, informazioa eta garbitasunaren inguruan. Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Sailak zuzentzen du Batzorde hori eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak eta Herritarren Segurtasun Sailak osatzen dute.
Neurri horiek ez dira azkenak izango. Udalak beharrezko hobekuntzak aplikatzen jarraituko du geltokiko beharrizan guztiak maila eta oreka optimoan bete direla ikusi arte.
Neurri berriak
Joan den astelehenean, lehen asteguna izanik, geltokian izandako jarrera aztertu ondoren, Udalak garbitasuna, segurtasuna eta informatzaileen presentzia indartu du, geltokiak behar duen maila lortu arte.
Luis Briñas kaleko oinezkoen pasabidea Perez Galdos kalera eraman da, oinezkoek pasabide natural modura aukeratutako guneari segurtasuna emateko. Gainera, tokiko zirkulazioaren lekurik nahasiena – autobusen sarrerak eta garajeetako irteerak bat egiten duten lekua – arindu egin da, autobusen sarrera kudeatzeko sistema hobetuz.
Horrela, bada, abian jarri eta bost egunera, Udalak denborak bizkortu ditu eta inguruko bizikidetza hobetu du hobekuntzei esker. Beharrizanak sortu ahala moldaketa gehiago egingo dituztela iragarri dute.