Udaltzaingoak abian jarriko du eskola garraioa kontrolatzeko kanpaina

uriola.eus 2017ko mar. 3a, 07:30

Bilboko kaleetan eskola-garraioan dabiltzan ibilgailuak kontrolatzeko eta zaintzeko kanpaina hasiko du Udaltzaingoak astelehenean, martxoak 6. Hilaren 10era arte iraungo duen kanpaina Euskadiko Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Segururako Plan Estrategikoari atxikita dago.

Ekimen horren bidez, ikasleen garraioa zein baldintzatan egiten den aztertu nahi dute eta Udalak baimendutako ibilbideak eta geralekuak egokiak direla ziurtatu; era berean, eskola-garraioan ari diren ibilgailuak zorrotz kontrolatuko dira.

Horretarako, Udaltzaingoak azterketa mota bi egingo ditu kanpainak irauten duen bitartean. Lehenengoan administrazio arloko kontrola egingo dute, alegia, ibilgailuen eta gidarien baimenak eta agiriak (gidabaimena eta alkoholemia-proba, besteak beste) eskatuko dituzte; bigarrenean arreta berezia jarriko zaie zerbitzua ematen duten autobusen ezaugarriei, eskola-umeen segurtasuna bermatze aldera. Udaltzainek arau-hausteren bat egin dela ikusten badute, salaketa jarriko dute.

Era berean, kontrolak egiten dituzten udaltzainek ziurtatuko dute eskola-garraioan dabiltzan autobusek Bilbon egiten dituzten ibilbideak eta geralekuak Udalak baimendutakoak direla.

Udaltzaingoko Koordinazioaren eta Trafikoaren Atalak lortzen dituen datuekin taulak egingo dira, estatistikak osatzeko; horretarako, aldez aurretik ezarritako adierazle jakin batzuetara egokituko dira.

Iragan urtean, 2016ko apirilean eta azaroan egindako kanpainetan, Bilboko Udaltzaingoak ikastetxeetako 16 autobusi kontrolak egin zizkien eta ez zuen salaketarik eginikuskatutako autoei. Datu hau, orokorrean, Urian eskola garraioan darabilten ibilgailuen egoera onaren seinale da.