uriola.eus

Idazmen tailerra, atzerritarrei buruzko aurreiritziei, estereotipoei eta zurrumurruei aurre egiteko

  Jendartea  Bilbo

Sormenezko idazmena lantzeko tailer bat antolatu du Udalak. Horretan zeharka landuko dira eta aurre egingo zaie pertsona migratzaileei buruzko estereotipoei eta aurreiritziei. Doakoa izango da.

Izena emateko antirumores@bilbao.eus helbide elektronikora mezu ba bidali behar da eta horretan izen-abizenak, helbide elektronikoa eta harremanetarako telefonoa jarri behar dira. Bestela, 94 420 31 45 telefonora ere deitu daiteke. Tailerrak sei saio izango ditu. Hilean astelehen bitan burutuko da, zehatzago: martxoaren 13an eta 20an, maiatzaren 8an eta 22an eta ekainaren 5ean eta 19an, 18:30etik 20:30era bitartean, Azkuna Zentroan.

Tailerretan, Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiarekin elkarlanean, pertsona migratzaileei buruzko irudikapen berriak sortzeko, topiko eta aurreiritziekin apurtzeko eta herritarren artean zabaldu daitezkeen narrazioak sortzeko literatura-lanak egiten lagundu dezaketen teknikak landuko dira; hain zuzen, zabalduen dauden estereotipo negatiboei aurre egiteko. Parte-hartzaileek lan egingo dute metodologia praktiko baten bidez eta erreferentziako testu batzuen irakurketaren bidez, literaturan migrazioei, atzerritarrei eta beste kultura batzuei buruzko beste begirada bat jasotzen duten testuak landuz.

Literaturan interesa duten guztiek parte har dezakete, idazmena hobetzeko tresnak bereganatu nahi izanez gero. Txani Rodríguez kazetari eta idazleak izango du tailerraren ardura. Fikziozko istorio bat sortzeko beharrezko tresnak emango ditu; hala nola, narratzailea aukeratzea, literatura-pertsonaia sortzea, narrazioaren denbora lantzea eta narrazio-generoen arteko ezberdintasunak. Tailerrak amaitutakoan, narrazio txikien lehiaketa bat antolatuko da, aurreiritzietatik urrun dauden egoerak azaltzen dituzten narrazio txikientzat.

Zurrumurruen aurkako proiektua

Sormenezko idazmena lantzeko tailerretan atzerritarren aurka zabaldutako estereotipoei eta zurrumurruei aurre egin nahi zaie eta tailerrak Bilboko Udala 2013tik garatzen ari den zurrumurruen aurkako estrategiaren barruan sentsibilizazio-tresna izatea ere bada helburua. 

Europa-mailan gizartea sentsibilizatzeko estrategia garatzen du zurrumurruen aurkako proiektuak, zabalduen dauden zurrumurru eta estereotipo negatiboei aurre egiteko. Pertsona atzerritarren irudi negatiboa proiektatzen dute aurreiritzi horiek eta eragin negatiboa dute gure bizikidetzan. Horren helburua da sare bat sortzea eta sendotzea, kultura-aniztasunarekin, gizartearen kohesioarekin eta diskriminazioaren aurkako borrokarekin konprometitutako pertsonen eta entitateen artean.

Dagoeneko herritarren sareak eratu dira Begoñan, Deustun eta Errekalden eta gazteak egoten diren lekuetan esku-hartzeak burutzen ari dira. Hori udal gazteguneen bidez. Estrategia hau barruti gehiagotara zabaldu nahi da, proiektua horietan ere abian jartzeko eta pertsona gehiago erakartzeko sare horretara.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa