Torturaren inpunitateari amaiera emateko kalera aterako dira herritarrak

uriola.eus 2017ko mar. 10a, 09:30

Polizia ezberdinen eskutik tortura jasandako herritarrak elkartu ziren Egiari Zor fundazioaren deiari erantzunez aurreko igandean, martxoak 5, Arriagako plazan. Torturak ikertu, aztertu, aitortu eta erreparatu egin behar direla exijitu zuten eta bihar, 17:30ean Plaza Eliptikotik abiatu eta Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioan parte hartzeko deia luzatu zuten. 

"Gehiago itxaron gabe" torturaren ikerketa "dimentsio guztietan" egin behar dela adierazi zuen agerraldi hartan Egiari Zor fundazioaren izenean Haritz Petralandak, "biktimarioentzat eta haien arduradun politikoentzat neurriak hartzea ere eskatzen baitu egiak".

Martxoaren 14-16 artean Bilboko Epaitegian Sandra Barrenetxea Iralako auzotarra torturatzeaz akusatuta auziperatuko dituzte lau guardia zibil. "Torturaren aurkako azken epaiketa" izango den susmoa du Egiari Zor fundazioak. Horregatik deitu du bihar arratsaldean 5.657 torturatu. Aitortza, erreparazioa, ez errepikatzeko bermeak lelopean manifestazioa Bilbon. Euskal Memoriak berretsitako kopurua da 5.657 torturatu izan direla Euskal Herrian.

Epaiketan, Barrenetxearekin batera atxilotu eta torturak salatu zituzten lagunek ez dute auzian deklaratzerik izango. Eneko Compains da horietako bat. Compainsen hitzetan, "Sandrarekin amesgaizto hura bizi izan genuenoi debekatu egin digute deklaratzea; dena oso demokratikoa da".