Gizarte Larrialdietako Laguntzak (GLL) tramitatzeko epea ireki dute

uriola.eus 2017ko mar. 6a, 12:07

2017 ekitaldirako Gizarte Larrialdietako Laguntzak tramitatzeko prozesuari hasiera eman dio Udalak. Aurreikusitakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak iaz baino zerbait gehiago (4,8 milioi euro) esleituko dio Bilbori gizarte-larrialdietako laguntzetarako. Zenbatekoa aurki zehaztuko da.

Eusko Jaurlaritzak zuzentarauak jartzen ditu laguntza hauek emateko eta kontzeptu hauengatik ematen dira:

• Alokairua (etxebizitzaren prestazio osagarria jasotzen ez dutenentzat), baterako alokairua, azpialokairua, ostatu-ematea edo logela-alokairua.

• Etxebizitza edo ohiko bizitokia erabili eta mantentzeko gastuak (ura, estolderia eta OHZ).

• Energia elektrikoaren eta gasaren hornidura.

• Bizigarritasunerako (konponketak) eta oinarrizko ekipamendurako gastuak.

• Osasuneko zerbitzu publikoak estaltzen ez dituen lehen mailako beharrizanetarako gastuak (optika, odontologia eta antzekoak).

• Aurretiko zorretarako gastuak, muga jakin batzuk dituen arren.

Eskatzaileak gehienez 1.500 euro jaso ditzake GLLetan. Hala ere, salbuespenak ere egon daitezke diru-kopurua handiagoa izateko. Horrelakoetan Udalaren gizarte-laguntzailearen txostena behar da premia justifikatzeko.

2017ko GLLak jasotzeko irizpideak hauxek dira:

• Urteko diru-sarrerak Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) baino 1,5 bider txikiagoak izan behar dira, hau da, urteko 12.108,06 pertsona bakarreko bizikidetza-unitatea izanez gero.

• 17.199 eurotik beherakoak izango dira urteko diru-sarrerak, bizikidetza-unitatea osatzen duen kideak hiru edo gehiago badira.

• Pentsiodunak izanez gero, GLLak jasotzeko mugak handiagoak dira: 13.759,20 euro pertsona bakarreko bizikidetza-unitatea izanez gero; eta 18.574,92 euro bizikidetza-unitatea osatzen duen kideak hiru edo gehiago badira. DSBEren diru-kopuruak aldatu ahala, aipatutako neurrietako diru-kopuruak ere aldatu egingo dira, logikoa denez.

Halaber, GLLen jasotzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

• Eskaera egiten den momentuan, Bilboko udalerrian erroldatuta egotea eta gutxienez 6 hilabetez Euskal Autonomia Erkidegoan.

• Bizikidetza-unitate independentea osatzea, eskaera egiteko epea baino urte bete lehenago, salbuespenak salbuespen.

• Adin nagusikoa izatea, salbuespenak salbuespen.

• Baliabide nahikorik ez izatea.

2017an 8.000 eskaritik gora egotea dago aurreiskusita

Eusko Jaurlaritzak jarritako baldintzak eta zenbatekoak kontuan hartuta, Bilboko Udalaren Gizarte Ekintza Sailak egindako kalkuluen arabera, ia 7.000 eskaerak beteko dituzte gizarte-larrialdietako laguntza jasotzeko baldintzak 2017an eta eskaerak 8.000tik gora izan daitezke.

Urtarrilaren 23an (astelehena) hasi zen jendeari arreta emateko fasea. Aurreko urteetan bezala, 2016ko GLLak jaso zituzten 65 urte baino gehiagokoei eskainitako arreta lehenetsi da (guztira 1.608 lagun). Urtarrilaren 23tik otsailaren 24ra bitartean izan dute hitzordua.

Beste alde bateik, 3.416 pertsonak, aipatutako adinekoak izan barik, jaso zituzten 2016an GLLak eta behar bezala justifikatu zituzten. Horiek ere etxean jaso dute gutun bana hitzordua emateko aurtengo laguntza eskatzeko.

Ildo horretan, aurrez izen-ematea www.bilbao.eus udal webgunearen bitartez egin daiteke, edo barrutietako udaltegietan eta San Agustineko udal eraikinean dauden “Bilbao Klik” izeneko bulego elektronikoetan. Profesionalek lagunduko diete horietan aldez aurreko izen-ematea egiteko. Bulego elektroniko batek ez badu funtzionatzen, interesdunei jakinaraziko zaie zein den izena emateko hurbilen duten puntua.

Epea bihar, martitzena, martxoak 7, zabalduko da; eta apirilaren 3an (astelehena) itxiko da. Egun horiek biak epearen barruan daude. Gizarte-larrialdietako laguntza 2017an eskatzeko beharrezko informazio guztia oinarrizko gizarte-zerbitzuetan dago.

Gizarte Ekintza Sailak GLLak jasotzeko aldez aurreko inskripzioa egin nahi dutenei aholkatzen die denak apurka-apurka etortzeko. Hitzorduak ematea aleatorioa izango da eta, beraz, berdin balio du epeko lehen egunean zein azken egunean izena emateak eta berdin da zein bulegotan egin duten eskaria. Modurik erosoena udalaren webgunea erabiltzea da.

2016ko balantzea: 6.403 onuradun

2016an, guztira, GLLak tramitatzeko 11.339 laguni eman zitzaien hitzordua. Hitzordura joan eta eskaera osatu zutenak guztira 7.808 lagun izan ziren. 6.403ri eman zitzaien laguntza; guztira 5.464.356 euro. 4.820.947 euro Eusko Jaurlaritzaren fondoen kontura eta gainerakoak (643.410 euros) udalaren laguntza berezien bidez, Eusko Jaurlaritzaren fondoetako dirua amaitu zelako. 

Baldintzak ez betetzeagatik, dokumentazioa ez aurkezteagatik edo eskatzaileek eurek hala eskatuta atzera botatako eskariak 1.387 izan ziren.

Batez beste, GLLen zenbatekoa 853,80 eurokoa izan zen 2016an.

Lehen aldiz ematen du Bilboko Udalak diruz lagundutako gastu energetikoa. Orain arte mantentze-lanen artean egon da. 2016tik aurrera, gastu horiek desglosatuta egongo dira, beren-beregi emanez energiaren gastuak.

Taulan ikus daitekeenez, 2016an emandako GLLetarako aurrekontuaren % 65 (3.569.162 euro) etxebizitzara bideratu zen, bai hipotekaren edo alokairuaren ordainketari aurre egiteko, edo haren mantentze-lanetarako. 2015ean horretarako bideratutako diru-kopurua GLLen % 62 izan zen.

Laguntzen kontrola

Udalak badu laguntzen diru-kopuruen gastua justifikatzeko kontrol-mekanismo bat. Bilboko Udalak gastua justifikatu behar duten pertsonekiko komunikazio-estrategia du. Urtean birritan bidaltzen zaizkie gutunak aurreko urteetan justifikatu gabe dauden laguntzak gogorarazteko eta justifikatu behar dutela adierazteko, bestela justifikatu gabeko kopuruak itzuli behar dituztela ohartematen zaie. 2016an 996 espedieente tramitatu ziren jaso eta justifikatu gabeko kopururen bat itzul zezaten eskatzeko.