Bigarren urtez jarraian euskarak interneten duen presentzia neurtu du PuntuEUS Behatokiak, .EUS domeinuaren egoera "kuantitatibo eta kualitatiboki" aztertuz.
Emaitzek diote Euskal Herriko webguneen %13k erabiltzen duela euskara, hau da, Euskal Herriko 18.317 webgunek dutela edukiren bat euskaraz. PuntuEUS Fundazioaren arabera, datu hau "bat dator Euskararen Kale Erabileraren azken neurketarekin".
.EUS domeinua
Bi urte igaro dira .EUS domeinua publiko egin zutenetik, eta dagoeneko 6.302 dira bertan izena emandako webguneak, gehienak enpresak. Horietatik 3.632 mantentzen dira aktibo (%58), portzentaje handia gainontzeko domeinuekin alderatuz gero. Gainera, .COM eta .ES domeinuek beherako joera duten bitartean, .EUS %28 hazi da azken urtean.
.EUS domeinuko webguneek gainerakoek baino eduki gehiago argitaratzen dituzte, eta hauek dira euskara gehien erabiltzen duten guneak. PuntuEUS Fundazioak adierazitakoaren arabera, %90ak argitaratzen dute euskaraz, "euskararen arnasgune digitala" bilakatuz.
Emakumeen presentzia interneten
Behatokiak ohartarazi du emakumeek interneten duten presentzia ez dela ona, .EUS domeinua osatzen dutenen %25 baino ez baitira emakumeak.
Twitterreko euskarazko erabilera aztertzen duen UMAP webgunean jasotako datuen arabera emakumezko euskal txiolariak herena baino ez dira. Erabiltzaileen rankingari erreparatuta, 22 emakume ageri dira lehen 100en artean eta bat bera ere ez lehen 10en artean.
Egoerari aurre egiten laguntzeko, PuntuEUS Fundazioak deskontu kode bat sortu du emakumentzat, nahi duten domeinu-izena 15 eurotan eskura dezaten igandera arte.