Egunari hasiera goizeko hamaiketan emango zaio Bilboko kaleetan barrena ibiliko den ibilgailuen karruselarekin. Berriro ere, ibilbideari amaiera suhiltzaileen egoitzan emango dio karruselak, Miribillako instalazioetan.
Suhiltzaileen instalazioetan bertan ospatuko da zaindariaren, San Joan Jainkoarenaren omenezko ekintza nagusia: 2016an erretiroa hartutako kideei eskainitako omenaldia. 12:30ean izango da ekitaldi nagusia eta bertan Tomas del Hierro Herritarren Segurtasuneko zinegotzia egongo da, alderdi politikoetako beste zinegotzi batzuekin batera. 2016. urtean erretiroa hartu duten 11 kideei omenaldia egingo zaie eta horiei oroigarriren bana emango zaie. Hiru egunetan zehar egindako ospakizunen antolaketan parte hartu duten enpresa guztiei ere opari bana emango zaie esker ona erakusteko.
Gainera, Agate Deunaren bezperan suhiltzaileen koruak bildutako dirua entregatzeko ekitaldia ere izango da. Aurten 2000 euro inguru batu dira eta diru-kopuru hori minbizia duten umeen Aspanovas elkarteari emango diote. Lankide arteko bazkaria egingo da 14:00etan eta, 16:00etan, 'Suhiltzaileen X. Mus Txapelketa' hasiko da aurtengo jarduerei amaiera emateko. Egun honetako jarduerak suhiltzaileentzat eurentzat bakarrik izango dira.
1884ko urtarrilaren 17an sortu zuten oraingo Bilboko Suhiltzaileen Zerbitzua, baina lehendik ari zen lanean; izan ere, 1708an gauzatu zuen erakunde bihurtzea. Horrela bada, 1832an Suteen Aurkako Batzorde bat sortu zuten. Horretako kideak Bilboko korrejidorea, udalak izendatutako errejidore bi eta Mutua Aseguruen Jabeen Batzar Nagusiak aukeratutako pertsona bi izan ziren. 1858an San Jose Suhiltzaileen Elkartea sortu zuten eta hazi horretatik oraingo Bilboko Suhiltzaileen Zerbitzua.