Ordu erdiko "enplegu, zaintza eta kontsumo etenaldia" egitera deitu dituzte emakumeak

uriola.eus 2017ko mar. 8a, 11:13

Mundu mailako deialdia da gaurko egunean, martxoak 8, emakumeei luzatu zaiena. "Heteropatriarkatuaren aurka enplegu, zaintza eta kontsumo etenaldia" egitea, alegia. Bilboko Koordinadora Feministak denbora tarte txikiarekin "horrelako greba deialdi bat egitea erreala ez dela" iritzita, ordu erdiko etenaldia egitera deitu ditu Bilboko emakumeak. Eguerdian Kale Nagusian elkartuko dira, Corte Ingles parean. 

Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortze-bidean oraindik egiteko asko dago eta beraz, beste behin, herritarrak kalera aterako dira gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Egunean. Euskal Herriko Koordinadora Feministak bat egin du gaurko mundu mailan deitutako geldialdiarekin; baita Bilboko Koordinakunde Feministak ere. 

Hortaz, eguerdiarekinn bat elkarretaratzea egitekoak dira Bilboko emakumeak Kale Nagusian. Helburutzat dute Corte Inglesetik Foru Jauregira arteko gunea "emakumez betetzea". Bertan izango dira, besteak beste, greban dauden Bizkaiko erresidentzietako langileak ere. 

 

Feminismoa zorroztu

Astelehenean, martxoak 6, Euskal Herriko Koordinadora Feministak agerraldia eskaini zuen Gasteizen, martxoaren 8ari begira hiriburuetan deitutako manifestazioen berri emateko. Emakumeen Nazioarteko Egunean "Basakeria heteropatriarkal kapitalistaren aurka, feminismoa zorroztu" lema kaleetara aterako dute. 

Agerraldian azaldu bezala, Emakumeen Nazioarteko Egunerako mundu mailan deitutako geldialdiarekin bat egingo dute, argi baitute: "emakumeak geldituz gero, dena gelditzen da; etxeko lanak gelditzen badira, gainontzeko guztia ere gelditzen da". Bilboko Koordinadorak ere babesa eman dio ekimenari.

Arratsaldean manifestazioak izango dira. Bilboko martxa 19:30ean abiatuko da Arriagatik, Baionakoa 18:30ean udaletxetik, Donostiakoa 19:00etan Boulevardetik eta azkenik, Iruñea eta Gasteizekoa 20:00etan, San Anton eta Gaztelu plazetatik.

 

Bilboko Udalak antolatuta

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Itziar Urtasun Berdintasuneko zinegotziarekin eta Udal korporazioko ordezkari batekin, Emakumeen Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionala irakurriko du Bilboko Udaletxean eguerdian. 

Martxoaren 10ean Bilboko emakume gazteak izeneko dokumentala aurkeztuko dute Bidebarrietako liburutegian.

Apirilaren 30era arte Emakumeak Zorrotzaurren eta Olabegan: iragana, oraina eta etorkizuna ibilbideetan parte hartzeko aukera dago. Itsasadarra izango da bisitaldi gidatuen ardatza. Alde horietako industria-arkeologia izango da gaia eta emakumeek Bilbo eraikitzen egin duten ekarpena eta izan zuten egoera azpimarratuko dira.

 

Ekimen gehiago

Erronda kaleko eragile eta taberna batzuk aste osoko egitaraua prestatu dute Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta. Astelehenean eman zioten hasiera programari. 19:30ean. 'Euskal Emakumezko Langilearen Historia' hitzaldia eskaini zuen Oihane Valerok Errondabiden. 

Ostegunean, hilak 9, Laura esaten zioten. Miren Odriozolaren borrokak liburua aurkeztuko dute Zirikan Leire Ibargurenen eskutik; eta 20:30ean, Jaialdi Feminista prestatu dute 7Katu Gaztetxean.

Bukatzeko, ostiralean, martxoak 10, 21:00etatik aurrera Biban, Puro Luego ipuin-kontzertuaz gozatu ahalko dute bertaratzen direnek eta Adaxkan Izas Martinez Arzuagaren erakusketa egongo da aste osoan zehar.