25 urte bertsorik gazteenen erritmoan

uriola.eus 2017ko mar. 8a, 08:15

Bertsozale elkartearen eta BBKren ordezkariek Bilbon egin duten aurkezpena

Gaur hasi eta martxoaren 31ko BBK Salako final handiarekin amaiera emango zaio Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK txapelketari. Aurtengoa, 25. urteurrena du txapelketak.  

Arratzu herrian izango da gaur, martxoak 8, 2017ko Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Txapelketako lehenengo saioa. Lehiaketak, aurrekoetan bezala, taldekako formatua izango du, eta taldeak lurraldeko eskualdeen ordezkari izango dira.   

Guztira, XXV. edizio honetan 48 bertsolarik hartuko dute parte; zortzi taldetan banatuta, eta bakoitzean seina bertsolari, eskualde hauetakoak: Arratia, Busturia, Durango, Enkarterri-Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe-Butroe eta Uribe-Kosta.  

Lehiaketan lau sailkapen-saio egingo dira: gaurko Arratzukoaz gain, Igorren (martxoaren 14an), Sopelan (martxoaren 14an) eta Markina-Xemeinen (martxoaren 21ean). Finalaurrekoak Zallan eta Durangon izango dira, martxoaren 24an eta 28an hurrenez hurren, eta final handia martxoaren 31n Bilboko BBK Salan. 

Talde bakoitzeko sei bertsolariak bi multzotan banatuko dira bertsotan egiteko, adinaren arabera: lehen taldean 18 urte artekoak, eta bigarrenean 18tik 24 urtera artekoak. 

Bigarren urtez jarraian, epaileak eta gai-jartzaileak ere bertsolaritza-munduko gazteak izango dira.

BBK-k antolaturiko txapelketa honek Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eta Ikastolen Elkartearen laguntza ere badu.

Finaleko sarrera doakoa bada ere, hartu beharra dago martxoaren 31a baino lehen BBK Salan.

 

25 urteko historia 

BBK-k antolatzen duen Bizkaiko Bertsolari Gazteen Txapelketa lehenengo aldiz 1992an egin zen, Euskal Herriko kulturaren ahozko adierazpenik sustraituenetariko bat gazteen artean sustatzeko helburuaz.