Zazpi urteko lanak, lau urteko atzerapena eta 280 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa suposatu du linea berri honek. Zerbitzua Euskotrenek eskainiko badu ere, Bilboko Metroaren baitan kokatzen da, eta ondorioz, erabilera eta prezioak gainontzeko lineetan bezalakoak izango dira. Metro lineak jarraipena izango du Matikotik Lezamako geltokiraino, Euskotrenen Txorierriko linea metro sarean integratuz.
5'8 kilometroko linea berria Otxarkoaga, Txurdinaga eta Uribarritik igaroko da, eta Etxebarri eta Matiko auzoak lotuko ditu. Guztira, 70.000 auzotarri zerbitzua emango die. Inaugurazioarekin bat, Alde Zaharreko San Nikolas geltokia berriz ere irekiko da.