Sandra Barrenetxearen tortura salaketak frogatzeko ziurtasuna agertu du bere abokatuak

uriola.eus 2017ko mar. 14a, 16:26

2010ean Sandra Barrenetxea Iralako auzotarrari torturak egitea leporatuta hasi da gaur goizean Bizkaiko Lurralde Auzitegian lau guardia zibilen aurkako auzia. Saioa hasi baino ez denean egin, lehen balorazio azkarra egin du akusazio partikularreko abokatu Jone Goirizelaiak, etenaldi bat egin dutenean. Balorazio "ona" dela aipatu du Goirizelaiak "epaiketa hasi delako eta aurrera dihoalako". 

Horrek esan nahi du ez dela aurkeztu inolako argudio teknikorik epaiketaren hasiera eteteko. Izan ere, tortura salaketak izan diren arren, Goirizelaiak azpimarratu du "urte asko" pasa direla salaketa bat epaiketara iritsi gabe. 

Gaur abiatu den ahozko auzian, ostirala bitartean, akusazio partikularra tortura salaketak frogatzen ahaleginduko da. Goirizelaiak adierazi duenez, datozen egunetan "aukera egongo da zehaztasun guztiak emateko, deklarazioak entzuteko, adituen frogak aurkezteko, eta finean azken egunean ondorioak plazaratzeko". Abokatuak argi dauka, eta horrela azalduko dio epaileari "gertaerak -torturak- gertatu direla, eta ondorioz egiazko eta benetako errelatoa dela Sandrak egin duena". Sandra Barrenetxeari Estanbuleko protokoloa aplikatu zaio, eta horrek adierazten du "berak esandako guztia egia dela", Goirizelaiaren hitzetan. Protokoloak "sinesgarritasuna eta ziurtasuna" ematen dio. 

Lau guardia zibilietako bik euren defentsaren eta fiskalaren galderei erantzun dietenean torturak egitea ukatu dute. "Euren tesiaren arabera Barrenetxeak egindako tortura salaketak ETAren agindupean eta estrategiapean egin ditu, eta guk hori gezurra dela frogatuko dugu", aurreratu du Goirizelaiak. 

Ostiralerako aurreikusten den epaiketaren amaieran lau guardia zibilen aurkako akusazioa berretsiko du akusazioak, eta aretoari eskatuko dio zigor epaia eman dezala. Hain zuzen ere, gaurko saioan Goirizelaiak eskatu duenez, 19na urteko kartzela-zigorra eskatu du guardia zibilentzat: 10 urte, sexu erasoengatik; 6, torturengatik; eta 3, lesioengatik.

Fiskaltzaren eta Estatuko Abokatuaren ustez, agenteek ez zuten deliturik egin, eta absoluzioa eskatu dute.

 

Elkarretaratzea

Epaiketak iraun bitartean Sortuk elkarretaratzeak egingo ditu Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren aurrealdean eguerdiro, eta asteazkenean, hilak 15, Arriagako plazan elkarretaratzea deitu du 19:30ean Inpunitaterik ez! Hemen torturatzen da! Aitortza, erreparazioa, ez errepikatzeko bermeak lelopean.

Gaurko elkarretaratzea hasi baino lehen tentsio uneak izan dira auzitegiaren atarian kaleko arroparekin jantzitako guardia zibilak ingurutik pasatzean. Bertan zain zeuden herritar batzuk oihu egin dietenean.

 

Bidea

Bilboko epaitegiek hiru aldiz artxibatu dute Barrenetxearen auzia. Azken erabaki horren kontra defentsak aurkeztutako helegitea aintzat hartu zuen 2015eko otsailean Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren 6. Salak, eta horregatik egingo dute epaiketa.

Barrenetxeak lekuko gisa deklaratuko du epaiketan, eta ez du, beraz, beste kasu batzuetan ezartzen den babes-neurririk izango.

2010ean atxilotu zuten Sandra Barrenetxea, beste zortzi lagunekin batera, Ekineko kide izatea egotzita. Denek salatu zituzten torturak, baina Barrenetxearen salaketak bakarrik egin du aurrera.

 

[2017-03-13] Sandra Barrenetxea torturatzea leporatuta lau guardia zibil epaituko dituzte bihartik ostiralera

[2016-05-19] Basque Lives Matter: "Lanagatik, desobedientziagatik eta indar metaketagatik izan dugu akordiorako aukera"