Bilboko Itsasadar Handia arrantza eskolak igandean berrabiaraziko du udaberriko denboraldia

uriola.eus 2017ko mar. 15a, 09:00

Aurreko urteetan parte-hartzean izandako arrakastaren ondoren, eta itsasadarreko biologiak eta landareek bizi duten susperraldiaz gozatzen jarraitzeko, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, Bizkaiko Arrantza Federazioarekin batera, Arrantza Eskolaren ikasturte berria jarriko du martxan datorren igandean, martxoak 19. Modalitate honetan arrainak harrapatu eta askatu egiten dira, ahalik eta arinen eta kontu handiz uretara itzuliz.

Jarduera 16 urtera arteko gazteei zuzenduta dago eta, ohikoa denez, Erripako kaian egingo dute, Areatzako zubiaren alboan, 11:30etatik 13:30etara, igandero (Aste Santuan izan ezik) maiatzaren 28ra arte.

Parte-hartzaile guztiei aseguru bat egingo zaie, eta beharrezko baliabide teknikoak ere jarriko dira euren esku: arrantzako ekipo osoak (kanaberak, txirrikak, berunak, amuak…), neurtzeko eta pisatzeko tresnak (metroak, baskulak, kuboak, balizatzeko zintak…), ikasteko materiala (dianak eta doitasun eta jaurtiketa materialak…), ordezko piezak, etab. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eremua egokitu du minusbaliotasun fisikodun pertsonek ere ekintzetan parte hartzeko.

Jarduera hau abian jartzea, duela hamarkada bat, erronka handia izan zen; hala ere, proiektuaren emaitzak espero baino hobeak izan dira. 2016an 1.425 ikasle baino gehiago aritu ziren kirol-arrantzan. Gero eta harrapaketa gehiago egoten dira eta sailkatutako espezieak ere anitzak dira. Horrek itsasadarraren osasun ona eta bere uren kalitatea herritarren gozamenerako berreskuratzen ari garela erakusten du.