Bilbon sortutako literaturan Guggenheim eraiki eta geroko aldaketa aztertuko du Lutxo Egiak

uriola.eus 2017ko mar. 15a, 15:06

Hiri hori da hiri hau du izena bihar, osteguna, martxoak 16, Lutxo Egia idazle, kazetari eta kultur ekintzaileak eskainiko duen hitzaldia, Mikel Inunek joko dituen abestiak tartekatuta. Guggenheim Museoaren eraikitzeak Bilboko hiria aldatu zuen zentzu guztietan eta horrek, euskal literaturan izandako eragina aztertuko du Egiak. Hitzaldia 19:30etan hasiko da Azkuna Zentroan (CA2), Loraldia Festibalaren barruan, Meatzaleak programarekin elkarlanean.

"Gabriel Arestiri Gorbeiara joateko gutizia sortu zitzaion, erabakita baitzegoen han antolatzeko euskararen salbazioa. Baina, zorionez, Bilbon gelditu zen, kalearte batean, bizarra egin gabe milagro baten zain. Bernardo Atxagak herdoilaren tristezia ikusi zuen Bilbon, lanbroa ziutatearen soinekoa -apuntatzen du Egiak-. Egun, aldiz, ziutatea, Oteroren hiri unibertsala, hiri globala da, eta Gorbeia bera jaitsi da Bilbora, frankizia itxura harturik Jardines kalean, non abegi samurragoa duen ingelesdunak euskaldunak baino".

"Azken hamarkadotan hamaika hots desagertu dira, hamaika usain, hamaika zeinu eta, aldiz, beste batzuk sortu dira. Ikonikoki eta sinbolikoki Guggenheim museoaren gestazioaz batera sortzen den hiriak bestelakotu egiten du paisaia. Eta idazleei errealitate berrira egokitzea besterik ez zaie geratzen. Museoa eraiki ostean, Bilboko literatura ezin da lehengoa izan, eta neurri handi batean hirian eman den aldaketaren inguruan jiratzen da tentsio dialektiko moduan".

Eta zein ateratzen da garaile tentsio horretan? Hiri hori da hiri hau emanaldian ikusiko dugu hitzez, hotsez eta musikaz. Paisaia nola eratzen den aztertuko du Lutxo Egiak. Eta tarteka, hiriko hotsak eta hiriko kantak. Hiriari hainbat kantarik (Ruper, Gari, Akatz) eskainitako kantak interpretatuko ditu Mikel Inun abeslariak, Koldo Izagirreren poema bi musikatu, baita ABBA talde suediarra ere ekarri...