2016an, egindako kontsulten alorrak hauek izan dira: %27 telefonia; %6 banka; %6 aseguruak; %5 aireko garraioa; %4 elektrizitatea; %4 gasa; %4 ibilgailuen konponketak eta mantentze-lanak; eta %3 etxeko tresna elektrikoen konponketa.
Iaz egindako bitartekaritzei dagokienez, eskari gehien jaso dituzten zerbitzuak hauek izan dira: telefonia, bitartekaritzen %27arekin; aireko garraioa, %7arekin; elektrizitatea, %6,5arekin; etxeko tresna elektrikoen konponketa, %4arekin; ibilgailuen konponketak eta mantentze-lanak, %2,5arekin; gasa %2arekin; eta Internet bitartezko merkataritza, %1,6arekin.
KIUBek 89 bisita antolatu ditu ikastetxeetan, hiru gairen inguruan (ura, garraio jasangarria eta elikadura osasungarria eta jasangarria); guztira 1.896 ikaslek hartu dute parte. Kontsumoari buruzko antzerki-lan bi egin dira Lehen Hezkuntzako ikasleentzat (12 ikastetxetako 1.563 ikasle). Azkenik, elikadura-segurtasunaren inguruko zenbait tailer egin dira Batxilergoko ikasleentzat eta udal laborategia bisitatu da 825 zentrotako 603 ikasle).
2017ko urtarrilean eta otsailean, 1.358 pertsonek eskatu dute kontsumoaren arloko aholkua; horietatik, 480 kontsulta zoru-klausula eta hipotekaren gastuei buruzkoak izan dira.
Urtearen hasieran, garrantzi handikoa izan da kontsumitzaileentzat Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak emandako azken erabakiak eta horren ondorioz kontsumitzaileak zoru klausulen arloan babesteko premiazko neurriei buruz emandako urtarrilaren 20ko 17/2017 Errege Dekretuak.
Bankuen arloko aholkuen eskaria igo da
Zoru-klausulen arloko epai horrek interes sozial handia piztu bazuen, Auzitegi Gorenak hipoteka formalizatzetik datozen gastuei buruzko 2015eko abenduaren 23an emandako epaia gehitu behar da. Horren guztiaren ondorioz, KIUB bulegora informazio eta aholku bila joan ziren pertsonen kopurua nabarmen igo zen.
Gauzak horrela, 2016an 958 pertsonek eskatu zuten aholkua urtearen lehen hilabete bietan, eta horietatik soilik 58 pertsonek, hau da, %6, eskatu zuten bankuen arloko aholkuren bat. 2017an, urtarrilean eta otsailean, 1.358 pertsona joan dira aholku bila, eta horietatik %35ek, hau da 480 pertsonek, hipotekako eskriturak eraman dituzte zoru klausulei eta hipotekaren gastuei buruzko aholkua jasotzeko.
Pertsona horiei pertsonalki jakinarazi zaie beren hipotekak zoru-klausula daukan ala ez, eta, agiriak aztertu ondoren, zein gastu erreklama dezaketen jakinarazi zaie. Era berean, erreklamazioa egiteko eredu bat eman zaie zoru-klausuletarako eta beste bat hipotekaren gastuetarako, eta auzibidetik kanpoko erreklamazioa zelan egin behar den adierazi zaie.
KIUB bulegoa, herritarren informazioa emateko zereginean, bulegoak zoru-klausulen arloan ematen duen aholkularitza zerbitzuaren berri ematen duten 1.000 liburuxka diseinatu eta banatu ditu.
KIUB bulegoaren eskumenak eta zerbitzuak
• Kontsumoaren eskubidearen arloko aholkularitza zerbitzua: oinarrizko aholkularitza eta orientazio juridikoa; kasu partikularrak aztertzea eta erreklamatzeko eskubidea baloratzea, erreklamazioen erregistroa, kontsumoari buruzko informazio osagarria ematea; merkatutik kenduta edo salmenta etenda daukaten produktuei buruzko informazioa (alertak).
• Bitartekaritza zerbitzua, kontsumoko gatazketan.
• Kexak erregistratzeko eta erakunde eskudunari bidaltzeko zerbitzua.
• Prestakuntza eta heziketa zerbitzua.
• Zerbitzuen Agiria, horren bidez ematen baitzaie bilbotarrei KIUBek eskaintzen dituen zerbitzu guztien berri.
Bilbotarren positiboki kalifikatu dute KIUB bulegoa
KIUBen gogobetetasuna baloratzeko azken inkestaren arabera (2015), emandako zerbitzuaren eraginkortasunak 10 puntutik 8 lortu ditu. Arretaren kalitatean 8,6 lortu da; emandako tratuan 8,6; informazio nahikoa eta zehaztuan 8,2; eta itxaron beharreko denboran eta informaziorako erabili den denboran 8,4 lortu da.