"Zalantzarik gabe" Sare-ren jarraipenaren eta jardunarentzako "klabea" izango den astea da martxoaren 16tik 22ra artekoa. Argiro adierazi du Joseba Azkarraga herri dinamikako bozeramaleak. Hori dela eta, "Sare beharrezkoa dela uste duten pertsona guztiei" dei egin die "ekarpena egitera" bai Sare-ren web orriaren bitartez (www.sare.eus) edota martxoaren 21ean herri ezberdinetan antolatuko diren informazio postu eta salaketa egiteko gune ezberdinetan.
Auzitegi Nazionaleko 2. Zigor Aretoak 103/17 (1-3-2017) autoan ebatzi du, Sarek jarritako apelazio-helegitea ez onartzea. 104.000 euro konfiskatu zituen Guardia Zibilak 2015eko urtarrileko manifestazioaren ondoren. Aretoak, berriz, diru hori bildu zuen erakundea legez kanpokoa zela arguditu du ebazpenean.
Planteamentuak "ez du zentzurik" Azkarragaren hitzetan, izan ere, Sare erakunde "guztiz legezkoa eta sententzia judizialik gabekoa izanik, aurkakoa esatea da bidezkoa".
Helegitea "itxaropen hutsalez" aurkeztu zutela aitortu du Azkarragak. Ekintzen garapena ikusita eta jendartearen babes sozial eta politiko zabala aintzat hartuta, Auzitegi Nazionalak "bere hanka sartzea berretsi du", dinamikako kideen iritziz, "herritarron bilketa-ekonomiko bateko irabazia inolako arrazoirik gabe desjabetu baitu".
Justiziaren "ez-ohiko politizazioarekin" lotu dute Auzitegi Nazionalaren ebazpena, eta horregatik, "ezin dugu honelako erabaki judizialik onartu" , adierazi dute, "ustezko prebarikazioaren mugan baitaude".
Baina Sare bezalako eragileak akabatzea "ezinezko erronka" dela adierazi dute Sare taldeko kideek, "jendarteak eusten baitio bere elkartasun eta konpromisoz giza eskubideen defentsari".
Lanean buru-belarri jarraitzeko prest agertu dira "jendartearen babes morala eta ekonomikoa dugun bitartean". Sare-ren egitekoa "zintzoa eta fidatzekoa dela" frogatzen ari dira egunerokoan, eta horregatik, euskal herritarrei zera eskatu dite: "Lagun gaitzatela, babes gaitzatela. Ez gaituzte isilaraziko".