Olabeagako auzotarrak pozik agertu dira Hegoaldeko Trenbide Sahiesbidearen akordioarekin

uriola.eus 2017ko mar. 17a, 10:46

Kolore morearekin Hegoaldeko Tren Sahiesbidea, kolore gorriarekin egungo trenbide ibilbidea (@Irekia)

Eusko Jaurlaritzak eta Sustapen Ministerioak Hegoaldeko Trenbide Sahiesbideari dagokion enkomiendaren protokoloa sinatu dute. Epeak betez gero, 2020an hasiko dira Bilboko Portuko merkantziak garraiatzen dituen egungo trenbidearen alternatiba erakitzen, Hegoaldeko Trenbide Sahiesbidea, alegia. Trenaren ibilbide berriari esker hainbat hirigune zarata eta bestelako eragozpenetatik libratuko dira, besteak beste, Olabeaga auzoa.

Zarata da merkantzien trenbideak Olabegako auzotarrengan eragiten duen eragozpen nagusia. Batik bat, gauean eta goizaldean. "Oso deserosoa da. Goizeko bostetan dator lehenengo merkantzia trena, zarata izugarria da", diote Olabeaga Bizirik auzo elkarteko kideek.

Urteak daramate elkartekideek egungo trenbidearentzat alternatibak eskatzen. Trenbidea desagertzean "bizi kalitatea" irabaziko dutela diote. Horregatik pozik hartu dute atzo Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordioaren berria. Epeak betetzen badira, 2010an ekingo diote Hegoaldeko Trenbide Sahiesbidea eraikitzeari. Barianteak behar dituen proiektuak eta lanak egiteko 375 miloi euroko enkomienda jasotzen du akordioak. Sinadura hiru hilabeteko lana eta negoziazioaren emaitza da.

Gaur, Portugalete, Sestao, Barakaldo eta Bilboko alkateak Arantza Tapia sailburuarekin elkartuko dira atzo Espainiako Gobernuarekin adostutako akordioaren berri lehen eskutik jasotzeko. 

 

Beharrezko obra 

Hegoaldeko Trenbide Sahiesbidearen proiektua "oso garrantzitsua" da Bilboko Portuko presidente Asier Atutxaren esanetan, "estretagikoa". 2010etik gaur arte %80 handitu dira portuan tren garraioa erabiltzen duten merkantziak, eta horrek esan nahi du egungo tren sarea "momentuz ez dela arazoa", gaitasuna baduelako, "baina bost urte barru arazoak izango ditugu sahiesbide hori ez badugu".

 

[2017/03/18] Irekia: Eusko Jaurlaritzak eta Sustapen Ministerioak Hegoaldeko Trenbide Barianteari dagokion enkomiendaren protokoloa sinatu dute