Antzezlan multimedia da diziplina anitzak batzen dituelako: antzerkia, dantza-koreografiak, bideo animazioak, musika eta robotika, besteak beste. Dantzari eta aktoreez gain, manipulatzaileek zuzenean telegidatuko bi robot eszenatokian arituko dira.
Proiektu honen inspirazio iturria, Pixar estudioetako animaziozko Wall.e (2008) filmaren lehen 25 minutuetan aurkitu dute Logela Multimediako kideek. "Gure antzezlanak pertsonaia, diseinua, animazioa, musika eta gidoia propioa badu ere, roboten karakterizazioan eta estetikan nabaritu daiteke aipatu inspirazio iturri hori", argitzen dute.
Mezu ekologista batekin, istorioa 2800. urtean kokatzen da. Azken mendeetan aldaketa asko gertatu dira Lur planetan eta bizitza desagertzeko zorian egon da. Izan ere, landare bakar bat geratzen da, espazio-ontzi batean sartuta, Sarah izeneko zientzialariaren zaintzapean. Sarah-k, landarea bizirik dagoen bitartean, natura Lurrera itzularazteko itxaropena du. Drag-e, Tap eta Eva robotek zeregin horretan lagunduko diote.
Erronka teknologiko berrei aurre egiteaz gain, Logela Multimediaren helburua antzezlanaren elkarrizketak eta dramaturgia indartzea izan da. Horretarako Dejabu Panpin Laborategiko kideen laguntza jaso dute.