"Lan baldintzak hobetzeko eta hezkuntza eraikitzeko" greba eguna dute Hezkuntzan

uriola.eus 2017ko mar. 22a, 09:54
Argazkia: STEILAS sindikatua

ELA, LAB eta STEILASek grebara deitu ditu unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko irakasleak, Hezkuntza Bereziko Hezitzaileak, Haurreskolak Partzuergoko langileak, sukaldari eta garbitzaileak. "Egungo hezkuntza publikoaren egoera larriari buelta emateko eta gure hezkuntza sistemaren garapena eta eraikuntza sendotzeko" helburua du gaurko greba egunak. 

Azken urteetan Gasteizko eta Iruñeko gobernuek "ezarritako murrizketek, hezkuntza inbertsio erabat eskasek eta inposaturiko hezkuntza erreforma basatiek guztiz kontrako norantzan" kokatu ditu Hezkuntzako langileak. Ondorioz, EAEn eta Nafarroan egungo hezkuntza publikoaren egoera, "modu berezian, larria da". Sindikatuek ezinbestekotzat jotzen dute egoera horri buelta eman eta "gure hezkuntza sistemaren garapena eta eraikuntza sendotzea".

Proposatzen duten hezkuntza sistema berri horren bidean "nahitaezkoa da" hezkuntza publikoan negoziazio kolektiborako eskubidea berreskuratzea eta lan-baldintzak nabarmen hobetzea.

 

Eskaerak

Azken urteetako murrizketen ondorioei aurre egiteko, ondorengo neurriak exijitzen dizkiete bi gobernuei:

• EAEko hezkuntza publikoko plantilak gutxienez 2.000 langiletan handitu behar dira kolektibo ezberdinetan eta Nafarroan 900 langiletan.

• Bataz-beste ia %40ko behin-behinekotasuna (%38 irakasleetan, %57 Haurreskoletan, %58 Heziketa Berezian eta %63 Sukalde eta Garbiketan), %6ra murriztu behar da, Nafarroan 1.800 lanposturik gora egonkortuz eta EAEn 6.000tik gora kolektibo ezberdinetan.

• Gelako ikasle kopurua %10 murriztu behar da.

• Hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratu behar da.

• Ordezkapenak lehen egunetik egitea premiazkoa da.

• Bajak bere osotasunean ordaindu behar dira, gaixotzen diren langileak zigortzeari utziz.

• Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratu behar dira.

 

Mobilizazioak

ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek egungo egoera "guztiz onartezina" egiten zaie. Hori dela eta, sindikatuek gainerako hezkuntza eta gizarte eragileekin elkarlanean mobilizazio fase bat garatu dute Gasteizko eta Iruñeko gobernuei "orain arteko politikak alde batera utzi eta aurrez adierazitako puntuak ardatz izango dituen hezkuntza politika gara dezaten eskatzeko".

Gaur, hilak 22, Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki lelopean Bizkaia mailako manifestazioa egino dute 12:00etan Arriaga plazatik hasita.  

[STEILAS: Lan-baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki! M22 GREBA