LOMCEren aplikazioak ez du ikasle borrokaren porrota suposatzen; orain da erreformari aurre egiteko garaia, orain da hezkuntza sistema honekin zuzenean konfrontatzeko garaia. Erreforma hau, hain zuzen ere, hezkuntza eredu inposatu honen baitan ulertu beharra dago, hezkuntzak berak, gizarte antolamendu bati erantzuten diolarik. Hezkuntza, sistema kapitalistan ematen diren zapalkuntza estrukturalak birproduzitzeko tresna bezala ulertzen dugu, ikasle eta langile klaseari mesede egiten ez dion eta klase burgesaren interesei erantzuten dien antolamenduaren baitan. Horregatik, ikasleak lehiakortasunean eta indibidualtasunean hezituko dituen eta hauen beharrak asetuko ez dituen hezkuntza sistema honi aurre egiteko beharra ikusten dugu.
Bilboko ikasleok argi dugu, ez dugu amore emango. Urtean zehar LOMCE erreformaren kontrako borrokaren inguruko sozializazio bat eman da ikastetxeetan, ikasleriaren aktibazioa eragin duena; kontzientziak astintzearekin batera ikasleen sare eta batasunaren beharra dugu inposaketa honi aurre egiteko, hala, ikasle asanbladak sortzea eta martxan jartzea premiazkotzat jotzen dugu. Nahiz eta LOMCEren aurkako borrokaren baitan ikaslea sujetu printzipaltzat hartu, hezkuntza komunitate guztiari deia luzatzen diogu, errebalidei planto egitea eta erreformari aurpegia ematea guztion artean lanean bakarrik lortuko dugulako. Etorkizunari begira, Euskal Herrian hezkuntza eredu propio eta herrikoiaren eraketa hezkuntza komunitatearen batasunean eta elkarlanean oinarrituko da. Horregatik martxoaren 23an, greba egunean, kalera irtengo gara. Borroka egun honetan heziguneak hustuko ditugu kaleak gure aldarriekin betetzeko.
Mobilizazioa nagusira bideratuko den zutabea 11.30etan aterako da Deustuko San Pedro plazatik. Mobilizazioa nagusia 12.00etan hasiko da Bihotz Sakratutik.