Lau eszena zuzendari batuko ditu Loraldiak gaur eta bihar, martxoak 24 eta 25, sormen esperientzia berria plazaratzeko. Garbi Losada, Mireia Gabilondo, Fernando Bernues eta Jokin Oregi. Laurak eskarmentu handiko sortzaileak dira eta lau istorio independente taularatuko dituzte. Laurek strip-tease gaia dute sormen iturri. Hari probokatzaile honetatik tiraka lau strip-teaseren lekukoak izango dira ikusleak. Bizitza eranztea, mugarik gabe. Antzezlan hau Loraldia Festibalaren ekoizpena da Arriaga Antzokiaren laguntzarekin. Emanaldiak 20:00etan izango dira Arriagan bertan.
- Orduan, ez naiz biluztuko?
Lau pertsona strip-tease casting batera aurkeztu dira, eta biluzten, aurreiritziak agerian uzten hasiko dira. Ane Pikaza, Olatz Ganboa, Lander Otaola eta Getari Etxegarai dira Jokin Oregik zuzendutako lan honetan antzezleak.
- Zutaz blai
Desio biluztuak eta biluztearen desioak. Mireia Gabilondok eta Telmo Iruretak egin dute lan honen gidoia, eta lehenegoa da zuzendaria. Aktore lana aldiz, Telmo Irureta, Eneko Balerdi, Haritz Morras, eta Oskitz Gorrotxategiren esku geratu da.
- Lady Godiva, ikusten ez dena, ez da
Lehenengo biluzte erreibindikatiboa egin zuen emakumearen historia landuko dute Klara Mendizabal, Ramon Aguirre eta Asier Hernandez aktoreek, Garbi Losadaren gidoia eta zuzendaritza abiapuntu dutela.
- Begirunea
Bere aitonaren gauzen artean aurkitzen duen emakume biluzi baten argazki aurpegi gabearen misterio sentsualak gure narratzailearen jakinmina piztuko du… eta geurea ere bai. Sara Cozar eta Iñaki Rikarte dira aktoreak eta eszenografia eta zuzendaritzaz Fernando Bernues arduratuko da.