Ekitaldian 20. KORRIKAren inguruko zehaztapenak eman dira poesia, bertso, musika eta BatZuk, euskararen lau aurpegi dokumentalaren laburpenaren bitartez. Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusia ondoan duela, Asier Amondo KORRIKAren arduradunak esan du ordua heldu dela "Euskal Herri osotik, gelditu gabe, Iruñeko bukaeran ezagutuko den mezu ezkutuaren lekukoa eskutik eskura ibiltzen hasteko".
BatZuk leloa hizpide, oholtzara Gotzon Barandiaran olerkaria eta Irati Erkizia bertsolaria igo dira, beste hizkuntza batean jaio eta euskarara hurbildu diren lau ikaslerekin batera: David Cascan (galego eta gaztelera), Albae Morrell (katalana), Anna Paola Loi (italiera) eta Aziz Messaoudi (arabiera). Mintzairak bizitzeko modu ezberdinak daudela berretsi dute; berezitasun guztien artean jokamolde unibertsalak ere badaudela. Aurkezpen sozialari amaiera emateko gonbidatu eta parte-hartzaileek solaserako tartea izan dute.
Besteak beste, eragile eta ordezkari hauek bertaratu dira, arloka: erakundeak (Juan Maria Aburto Bilboko alkatea, Bingen Zupiria kultura sailburua eta Eusko Jaurlaritzako, Foru Aldundietako, HABEko, EHUko eta Euskaltzaindiko ordezkariak); eragile politikoak (Andoni Ortuzar EAJren lehendakaria eta EAJ, EH Bildu, Podemos eta PSE-EE alderdietako ordezkariak); herri mugimendua (Bilboko Konpartsak, Gure Esku Dago, EH 11 Kolore, Etxerat, EHIGE, BIGE); sindikatuak (ELA, LAB, EILAS, CCOO); euskalgintza (Kontseilua, Topagunea, Euskal Herrian Euskaraz, Bai Euskarari, Ikastolak eta euskaltegietako ordezkariak) eta eragile kulturalak eta artistak (Porrotx pailazoa, Ilaski Serrano telebista-aurkezlea, Jurgi Ekiza Willis Drummond taldeko kidea, Bertsozale Elkartea, Elkar, EIDABE).