Gose greba hasi dute zortzi lagunek Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren murrizketak salatzeko

uriola.eus 2017ko mar. 24a, 11:08

La Najan bilduta, hainbat gizarte eragile eta sindikatuetako ordezkarik babestuta, zortzi lagunek gose greba mugagabeari ekin diotela iragarri dute. Ekimenak bi xede ditu. Batetik, Eusko Jaurlaritzaren 2017ko aurrekontuek jasotzen duten Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) %7ko murrizketa salatzea eta, bestetik, "legeak dioena betez", DSBEri %8ko igoera aplika diezaiotela exijitzea, Lanbidearteko Gutxieneko Soldatari (LGS) bezala. 

"Murrizketa, langabezia, prekaritate eta miseriaren aurka" dauden zortzi lagunek, EAJ, PSE eta PPren hitz egiteko "borondate ezaren" aurrean, gose grebari ekitea erabaki dute La Najan paratu duten 'elkartasun karpan'. Gose grebaren bukaera "Eusko Jaurlaritzaren eta bere murrizketekin amaitzeko jarreraren araberakoa" izango dela adierazi dute. 

2012tik Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) %7 murriztu dela salatu dute grebalariek. Ildo horretan, "ezetz" esan diote "bere legeak betetzen ez dituen" Eusko Jaurlaritzari, "ez duelako DSBEren zenbateko eguneratu" Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) eguneratu duen neurri berean (%8 handitu du). 

"Ezetz" esan diote "arrazakeria eta xenofobia ke laino gisa erabilita, guztioi eskubideak kentzeari, "iruzur fiskala eta enpresen iruzurra estalita, iruzurraren inguruko susmoa jende pobrearenganaino hedatzeari" eta "milaka pertsona miseriara eta gizarte bazterketara kondenatzeari". 

Bizkaiko hogei bat gizarte eragilek babesten duten egitasmoak bi eskakizun plazaratu ditu EAJ, PSE eta PP alderdientzat. "Ken dezatela DSBEren %7ko murrizketa Eusko Jaurlaritzaren 2017ko aurrekontuetatik" eta "aplika diezaiotela DSBEri Lanbidearteko Gutxieneko Soldatari aplikatu dioten %8ko igoera, 2008/18 Legeak dioena betez". 

 

Eskubidea

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta defendatu dute La Najan bildutako lagunek. "Mobilizazioen bidez lortutako eskubidea da", zehaztu dute. Herri ekimenak "greba orokor eta manifestazio ugarirekin" eskuratutako eskubidea. Egun, "60.000 familia langabetu, prekario eta pentsiodunek baino gehiagok jasotzen dutena". 

Gizarte eragileen esanetan, DSBE "ez dute maite" ez patronalak ez pertsona aberats eta boteretsuek. Horregatik "ezeztatu nahi dute". 2012tik EAJ, PSE eta PPk "DSBEren zenbatekoa murriztu dute eta jasotzeko baldintzak gogortu dituzte", errenta bera arautzen duen legea "etengabe hautsiz".

 

Elkartasun karpa

Zortzi grebalarien asmoa da DSBEren kontra agertu diren elkarte, sindikatu, alderdi, eragile, kolektibo eta norbanakoak La Najan paratu duten 'elkartasun karpara' hurbiltzea. Arratsaldean, 19:00etan, esaterako, sektore prekarioen asanbalda antolatu dute.