Euskaldunako neguko denboraldiari agur esango dio Udal Musika Bandak Vicedo tronboiarekin

uriola.eus 2017ko mar. 24a, 07:00

Bilboko Udal Musika Bandak Euskalduna Jauregiko neguko denboraldiko amaiera kontzertua eskainiko du igande honetan, martxoak 26. 12:00etatik aurrera, eta Pascual-Vilaplana zuzendari titularraren esanetara, Bandak, 'Bidaia memorian zehar' kontzertua eskainiko du, oso ikuskizun berezia, protagonista musika-tresna bakarlari desberdina izango duena: tronboia. Oraingo honetan, bakarlari gonbidatua Ximo Vicedo tronboi-jolea izango da.

Amaiera emango zaio horrela Euskalduna Jauregiko denboraldiari, Jose Rafael Pascual-Vilaplana bandaren zuzendari titularrak prestatutako bigarrenari. Joan den urriaren 9tik bidai anitzak proposatu dizkie entzuleei, besteak beste, emozio, arte, imajinazio eta denboran zehar egindako bidaiak, hain zuzen ere. Eta igande honetako emanaldia aurkezteko onena Pascual-Vilaplana bera da.

Kontzertua bi zatitan banaturik egongo da. Lehenengoa, mundu mailako bi estreinaldiekin hasiko da: Javier Martinez Camposen 'Sucro Oppidum eta Fernando Velazquez euskal musikari ezagunaren 'Kontzertua tronboirako'. Artista honek doinu-bandarik onenari eman ohi zaion Goya saria irabazi zuen Un monstruo viene a verme lanarekin. Igandean interpretatuko den obra, RTVEko Orkestra Sinfonikoko bakarlaria den Ximo Vincedori eskaini zion, eta oraingoan berau bakarlari gonbidatu moduan arituko da. Bigarren zatian, Munduko Bigarren Gerrako biktimei egingo zaie omenaldia, Bilboko Udal Bandak lehenengoz interpretatuko dituen bi obrekin, besteak beste: Maslanka maisuaren Requiem eta Robert Jageren Epilogue: Lest we Forget.

'Bidaia memorian zehar' kontzerturako sarrerak Euskalduna Jauregiko txarteldegietan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan erosi ahal izango dira. Prezioa 2 eurokoa izango da.

Bandak, apirilaren 7an, ostirala, 19:00etatik aurrera Sarrikoko Kontserbatorioan BMB Ensembles, 'Bi menderen arteko bidaia - Musika historikoa Bandarentzat', zikloaren lehenengo kontzertua eskainiko du: J. Rafael Pascual-Vilaplana izango da zuzendari eta berarekin batera Victor de Diego saxofoi-jolea egongo da, gonbidatu gisa. Kontzertuan zehar honako obrak interpretatuko dira, besteak beste: Manuel Palauren Marcha burlesca, Ronald Bingeren Concerto for alto saxophone, Richard Wagneren (J. Boyden moldaketekin), Trauermusik WWV 73, Anton Dvoraken Slavische tänze eta Gordon Jacoben An original suite.

Oharrak

Musika da, beharbada, oroimenaren bidezidorretan bidaian ibiltzeko ekipajerik onena. Musika-banden doinuak gauzak gogora ekarri eta kinatu egiten ditu pertsonak, mugitu eta hunkitu. Euskalduna Jauregiko 2016-2017 denboraldia amaitzeko, Udal Bandak bidaia eskaintzen die ikus-entzuleei, euren oroimenaren askatasunean barna. Partitura biren estreinaldiarekin hasiko da emanaldia: ordura arte paperean jarritako ikur grafikoak besterik ez zirenak arte-lan bi estreinakoz sortzearen une magikoa da. Javier Martinez Camposek, txeloko irakasle BOSen eta gaur egun espainiar musikagilerik ospetsuenetakoa denak, 'Sucro Oppidum' bezala sortutako Levanteko Cullera herriaren historiara eramango ditu ikusleak bidaian. Obra horrekin, Segnalazione all’unanimita sari bat eman zioten Corcianoko (Italia) XXIX Concorso Internazionale di Composizione per Banda 2013 lehiaketan. Bigarren estreinaldia Fernando Velazquez euskal musikari ezagunaren eskutik dator; izan ere, doinu-bandarik onenari eman ohi zaion Goya saria irabazi zuen Un monstruo viene a verme lanarekin eta orrialde ezin ederragoak sortu ditu zinemarako musikan eta musika koralean eta sinfonikoan. 'Tronboi Kontzertua' aurkeztuko du, RTVEko Orkestra Sinfonikoko bakarlaria den Ximo Vincedori eskainia, berau bakarlari gonbidatu moduan arituko den bitartean. Talentu bi, bata sortzailea eta bestea interpretatzailea, goreneko mailan uztartuta.

Bigarren zatian, berriz, iparramerikar autore bik Munduko Bigarren Gerrako biktimen omenaldi bitara gonbidatuko ditu ikus-entzuleak. Maslanka maisuaren Requiema, bere gizatasunaren eta edertasun sortzailearen isla garbia da, Holokausto hartan hildako guztientzako eslogan bikaina. Epilogue: Lest We Forget lanak emango dio amaiera ziklo honi ez ahanzteko mezuarekin, eta historiara hurreratuko ditu bertaratutakoak, musika-bandaren adierazpen-indarra garatzen duten egitura bihurrien bidez. Zera zioen Aleixandrek: "Gogoratzea lizuna da; are txarragoa, tristea. Ahanztea hiltzea da…" Lagundu diezagula bandak ez atzentzen nortzuk garen, non gauden eta nora iritsi gaitezkeen. Eskerrik asko gurekin izateagatik beti.

Ximo Vicedo, Tronboia

Ximo Vicedo soinu paregabearen jabe da, munduko tronboi-jotzailerik handienek duten ziurtasunaz eta askatasunaz baliatzen dena Cadaqueseko Orkestrarekin, Orchestra Mozart, Mahler Chamber Orchestra, eta Espainiako Irrati Telebistako Orkestra Sinfonikoarekin (orkestra honetako bakarlaria da) jotzen duenean. Horrez gain, eskolak ematen ditu Katarina Gurska Goi-mailako Eskolan (Madril) eta Alicante Brass Academyn. Bakarlari moduan RTVEko Orkestra Sinfonikoarekin, Espainiako Gazteen Orkestra Nazionalarekin, Prix du CSMDP Orkestrarekin, Albaceteko Orkestrarekin, Bartzelonako, Madrileko eta Santiago de Compostelako udalen bandekin eta Aragoiko Goi-mailako Kontserbatorioko Bandarekin jo du. Pedagogiarako eta Hezkuntzarako duen grinak Espainiako gazteen orkestra gehienak trebatzera eraman du. Eskola magistralak eman eta errezitalak eskaintzen ditu Espainian, Portugalen, Frantzian, Brasilen, Italian, Mexikon eta Kolonbian. 2002tik 2013ra bitartean irakasle izan zen Aragoiko Goi-mailako Kontserbatorioan. Ximo Vicedoren lanari, talentuari eta ahaleginari esker garrantzizko hainbat sari merezi izan ditu, baina bakarlari moduan plazaratutako aurreneko diskoa Lo soñado, ametsen doinu bezala laburbildu daitezkeen lan nekezaren eta dedikazio arduratsuaren goreneko maila da. Stomvi Artista da Ximo Vicedo. www.ximovicedo.com

Zuzendari titularra: Jose R. Pascual-Vilaplana

Muroko UMko Musika Eskolan hasi zituen ikasketak bonbardinoarekin eta pianoarekin, Alcoy eta Valentziako kontserbatorioetan jarraitzeko. Banda eta orkestra-zuzendaritza ikasi zuen Jan Cober, Eugene Corporon, Karl Österreicher, Hans Graf eta Yuji Yuhasa (Austria) maisuekin. Zuzendari gonbidatua izan da zenbait talde sinfonikotan Alemanian, Argentinan, Belgikan, Kolonbian, Kuban, Eslovenian, Espainian, Holandan, Ingalaterran, Italian, Portugalen, Errumanian, Suitzan eta Estatu Batuetan, beste batzuen artean, Kubako Nazioarteko Banda, Bavierako Jungend Blassorchester, Ljubljanako SAF Band, Holandako Gazteen Banda Nazionala, Banda Sinfoniko Portugaldarra, Buenos Aireseko Udal Banda, Kolonbiako Gazteen Banda Nazionala WASBE Youth Wind Orchestra, Coruña, Alacante, Bartzelona, Bilbo, Castellon, Madril, Pontevedra, Tenerife, Santander, Santiago de Compostelako Udal Musika Banda, Matanzaseko Sinfonika, Murtzia, Vallés eta Castelloneko Orkestra Sinfonikoa, O. CAMERA MUSICAE, Kanaria Handiko O.F., Gaztela eta Leongo eta Albaceteko O.S. (2001-2013 artean zuzendaria)… Bilboko Udal Musika Bandaren eta Filharmonia Haize-Orkestrako zuzendari titularra da, Murtziako UCAM Orkestra Sinfonikoko eta Oportoko Banda Sinfoniko Portugaldarra zuzendari gonbidatu nagusiaz gain. Bandako Zuzendaritzaren irakaslea "Vall d'Albaida" Herrialdeko Musika Eskolan zuzendaria da eta Italiako ISEBeko irakasle gonbidatua da. 2009tik aurrera Spilimbergo-ko (Italia) "G.A. Fano" Istituto Musicale-ko Corsi internazionali di perfezionamento musicale ikastaroetako zuzendari artistikoa da.

Lan sinfonikoak, ganberakoak, koralak eta antzerkirako musika intzidentala konposatu ditu. Eldako Banden Lehiaketa 1999, Fira Tots Sants de Cocentaina Koral Lehiaketa 2013, SBALZ 2015 jaialdi ospetsuentzako enkarguak jaso ditu, baita Spanish Brass, Ximo Cano, Luis Gonzalez, Juan C. Matamoros, Carlos Gil edo Steven Mead bakarlari ospetsuentzako ere. 2006an Valentziak, Rabaten eta Madrilen bakarlari, koro eta banda sinfonikoarentzat berak egindako Balansiyya musikala estreinatu zuen, Bere musika Espainia, AEB, Holanda, Italia edo Suitako CD desberdinetan grabatu da. Batuta del Mtro. Tomas Boufartigue saria eman zioten Habanan 1991n. Lehen saria irabazi zuen Kerkradeko WMCko eta Birminghameko EBBAko Zuzendaritzako Nazioarteko Lehiaketetan (Holanda, 1997, eta Ingalaterra, 2000). 2004an Valentziako Komunitateko Elkarte Musikalen Federazioaren EUTERPE saria eskuratu zuen Bandako Zuzendaritza eta Jairako Musika Konposizioa kategorietan. 2010ean Gaztela-Mantxako Musika Jaialdiak ematen duen "Ignacio Morales Nieva" Musikako Sari Nazionala jaso zuen. www.pascualvilaplana.com