Loraldia 2017

Emakumeek hartu beharreko erabakietaz hausnartuko dute Kattalin Miner eta Danele Sarriugartek

uriola.eus 2017ko mar. 28a, 13:48

Kattalin Miner "Nola heldu naiz ni hoinaino" eleberriarekin. Arg: Elkar

Jaialdiaren erdigunean, azken bi asteetako programazioari ekin dio Loraldiak. Solasaldiak, irakurraldi teatralizatuak, bakarrizketa antzeztuak, dokumentalen aurkezpenak, poesia performanceak, musika emanaldiak, bertsolariak eta beste hainbat ekitaldi izango dira Bilboko txoko desberdinetan. Gaur Kattalin Miner eta Danele Sarriugarte idazle gazteak solasaldian arituko dira Poza Lizentziatuaren kaleko Elkar dendan.

Gaur bertan arratsaldeko zazpietan Kattalin Miner eta Danele Sarriugarte idazleak Poza Lizentziatuaren kaleko Elkar liburu-dendan izango dira. Kattalin Minerrek idazle eta ekintzaile feministak aurkeztu berri duen Nola heldu naiz ni honaino (Elkar, 2017) liburutik abiatuta, zenbait gogoetaren inguruan arituko dira solasean. Idazle gazteentzako Igartza sariaren laguntzaz, Minerrek otsailean aurkeztu zuen bere lehen liburua. Emakume gazte baten bizitza ardatz hartuta familia, bikote eredua, heteroaraua eta erabakiak hartzearen zailtasuna bezalako gaiak jorratzen ditu bertan.

Bihar, asteazkena, Mikel Martinez aktoreak eta Irati Agirreazkuenaga kazetari eta irakasleak Dario Foren eta Franca Rame idazle eta antzerkigile italiarren testu batzuk eramango dituzte eszenara. "Teatrogile handi bion ironiak eta salaketak inoiz baino beharrezkoagoak" diren honetan, "testu zorrotz eta zirikatzaileekin gozatzeko" gonbitea luzatu dute Tartean teatroak eta Loraldia festibalak elkarlanean sortutako ekoizpenaren arduradunek. Irakurraldi dramatizatua eta bakarrizketa antzeztuak oinarri izango dituen Biba voi! Dario Fo eta Franca Rame akorduan antzezlana Cafe Bar Bilbaon izango da martxoaren 29an 19:30ean.

Ostegunean aldiz, Iratxe Fresneda zinegileak Irrintziaren oihartzunak dokumentala aurkeztuko du Meatzaleak programaren baitan. Bere lehenengo dokumentalean, Fresnedak euskal zinemagintzako lehenengo emakume zinegilea izan zen Mirentxu Loyarte iruindarraren istorioa kontatzen du. Osteguneko 19:30ean Alondegiako Golem 1 aretoan Irrintziaren oihartzunak dokumentalaren proiekzioa eta ondorengo berbaldia izango dira.

Hilaren 31n, ostirala, Isabel Iturberen bizitza eta heriotza ikuskizuna taularatuko dute Itsasadarra Itsas Museoan. Idazle gaztez osatutako ITU bandak eta rock psikodelikoa jotzen duen Klaus taldeak poesia, literatur performancea eta musika uztartuko dituzte. Isabel Iturbe euskaltzalearen bizitzaren kontakizunaren bitartez frankismotik trantsiziorako euskal herritarron historia hurbila irudikatuko dute, "arrantzale herritik industriaren goraldira bidaiatuz".

Larunbata, aldiz, Badok Eguna izendatu dute. Loraldia Festibalak eta Berria egunkariak kudeatzen duten musika-atariak hiru kontzertuko jaialdia antolatu du astebururako. Izaro kantariak emango dio hasiera jaialdiari Biba! kultur gunean 19:00etan, bere azken kantuak formatu txikian aurkeztuz. 21:00etan Lukiek taldeak garaje rock eta grunge musika kontzertua emango dute Kafe Antzokian. 22:30ean, Kafe Antzokian baita ere, Sakanatik datorren Hesian taldea taularatuko da, bere 10. urteurrena ospatzeko.

Astea bukatzeko igandean literatura, bertsolaritza eta musika izango dira Guggenheimeko Auditorioan. Demain, Morgen izeneko saioan Kirmen Uribek sortutako testu bati bertsoz erantzungo diote Oihana Bartra eta Alaia Martinek. Josu Goikoetxeak gaiak proposatuko ditu eta Angel Unzuk soinu-banda jarriko du 12:30ean hasiko den saioan.

Informazio gehiago: www.loraldia.eus