'Motxilaren umea' dokumentala estreinatuko dute Kurkuluxetan elkarteko kideek

Motxilaren umea izeneko dokumentala eta unitate didaktikoa ekoitzi ditu Kurkuluxetan elkarteak. Bi lanek gurasoen afektibitatea jasotzeko eta gurasoek heziak izateko haurrek duten eskubidea aldarrikatzea eta jendarteratzea dute xede. 

Giza balioetan oinarritutako hirugarren film pedagokikoa ekoitzi dute Kurkuluxetan elkarteko kideek. Kubako umeekin batera ekoitzi zuten Keinuka mugaz gaindi (2014) eta Venezuelakoekin batera Dena ez da futbola (2015). Hirugarrena Motxilaren umea izenekoa da, eta gaur estreinatuko dute 19:00etan Kafe Antzokian, sarrera librea dela. 

Bere etxetik 700 kilometrora dagoen kartzela batean ama preso duen hamaika urteko haurraren istorioa da. 22 minutuko ikus-entzunezko lana. “Gertaera errealetan oinarritutako fikzioa da”, Rita Naveira zuzendariak dioenez. Filman zehar umearen egoera azaltzen da, bai ikasgelan, bai kartzelarako joan-etorrietan, bai vis a vis bisitetan. Une horietan motxilak garrantzia berezia du, “bizitza hartzen du”, Naveiraren hitzetan. 

“Pil-pilean” dagoen gaia jorratzen du Motxilaren umea-k, “hurbileko gaia”, baina orain arte pelikuetan landu ez dena. “Gurasoen afektibitatea jasotzeko eta gurasoek heziak izateko haurrek duten eskubideak” azpimarratzen ditu. “Ehunka euskal umeri ukatutako eskubideak” direlako. Filmak eskubide horien aldeko aldarria zabaldu nahi du “beste begirada bat” erantsiz, “umeen ikuspegia”. 

Bilbon, Diman eta Segoviako espetxe zaharrean grabatu du Rita Naveira zuzendariaren lantaldeak. Aktore ia denak amauteurrak dira. Itziar Ituiño aktore profesionala salbu. 

Euskaraz grabatu dute, eta azpitituluak bost hizkuntzetan erantsi dizkiote: gaztelaniaz, inglesez, frantsesez, katalanez eta galegoz.

 

Zabalpena

Kurkuluxetan elkarteko lagunen helburua filma “jende askorengana” zabaltzea da.  Irakaskuntzan, kulturgintzan zein sindikalgintzan erabiltzea. Youtube kanalean argitaratuko dute epe laburrean “ahalik eta zabalpen handiena izan dezan”. 

 

www.kurkuluxetan.eus

umegunea@gmail.com