Loraldia 2017

Itu Bandak literatur performance bat eskainiko du Donostialdeko bilakaera kontatzeko

uriola.eus 2017ko mar. 31a, 09:19

Isabel Iturberen bizitza eta heriotza izeneko ikuskizuna eskainiko du Itu Bandak Loraldiaren baitan gaur, martxoak 31, 19:30ean, Bilboko Itsasadarra Itsa Museoan. Sarrera doakoa izango da bertaratzen diren lagun guztientzat.

Poesia performance baten itxura izango du kultur ekitaldi honek eta literaturari Kaluse talde azpeitiarrak egiten duen musika psikodelikoa batuko zaio. Isabel Iturbe Pasaian jaiotako euskal irakaslearen irudia oinarritzat hartuta, haren bizitzaren eta heriotzaren kontakizuna egingo dute, errealitatea, fikzioa, poesia eta musika uztartuz.

Itu Literatur Banda Gipuzkoako kostaldeko hiru lagunek sortu zuten 2013an, baina gaur egun Euskal Herriko txoko ugaritako gazte askok osatzen dute taldea. Fanzineak egiten hasi ziren lehenengo, 'Obabako Testiguak' Info 7ko irratsaioan aritu ziren ostean. Eako Poesia Egunetan taularatu zuten Ituskizuna emanaldian anonimo izateari utzi eta publikora egin zuten salto lehenengoz. Ordutik, zenbait ikuskizun eskaini ditu bandak. 2015eko Durangoko Azokan plazaratu zuten proiektu berria Lekore literatur aldizkaria. Apirilaren bukaerarako 3. zenbakia kaleratzeko asmoa dute.

 

Ikuskizuna

Zeruko Argia-ren ale zahar batean kasualitatez aurkitu zuten Itu Bandakoek Isabel Iturberen hilberria. Gau Eskolako euskara irakaslea izan zen Iturbe. 1940ko hamarkadan Pasaian jaioa, euskalgintzan ibilitakoa eta gazte hildakoa; 39 urterekin, hain tzuzen. Informazio hori bildu, eta haren irudiaren inguruan fikzioko istorioa sortu zuten, Pasai Antxoko eta Donostialdeko bilakaera kontatzeko asmoz: frankismotik trantsiziora, arrantza herritik industriaren gorakadara.

Irakurraldi dramatizatu honetan testu eta ahots askorekin kontatuko dute Isabel Iturberen istorioa, musikarekin girotuz eta ikus-entzunezko elementuak erabiliz.