uriola.eus

Korrika badator

  Euskara  Bilbo

20. Korrika Otxandiotik irtengo da 17:00etan BatZuk lelopean. Lehen kilometroan Korrikaren sortzaileak omenduko dituzte. Bigarren kilometroan Euskal Herriko zazpi hiriburuetako alkateek hartuko dute lekukoa. Eta kilometroz kilometro egingo du aurrera euskararen aldeko lasterketa herrikoiak helmugara, Iruñera bidean. Bilbotik apirilaren 6an pasako da. 

Dena dago prest Otxandion 20. Korrikariri hasiera emateko. 10 egun iraungo dituen festa ibiltarira joango diren furgonetak ere ari dira motorrak berotzen, eta antolatzaileak, prentsako, batzordeetako eta euskaltegietako kideak ere beren lanari azken ukituak ematen ari dira. Horretaz gain, Korrika egingo duten milaka eta milaka lagunak beroketak egiten ari dira urduritasuna eta poza sentitzen dutelarik. Gutxi falta da Korrika hasteko, 17:00etan hasiko da, hain zuzen ere. Ordutik aurrera, 10 egun egingo ditu etenik gabe apirilaren 9an, helmugara, Iruñera heltzen den arte.  

16:30ean hasieraren ekitaldi nagusia hasiko da: Zuriñe Iñarrituk eta Koikili Lertxundik aurkeztuta, Mikel Urdangarin abeslariak eta Urko Mitxelena (Kukai) dantzariak parte hartuko dute, baita Iñaki Urkijok ere, AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideak. 17:00etan mezua lekuko barruan sartu, eta lehen eramaileen eskuetan utziko dute. Arratsaldeko laurak aldera, zuzeneko emisioa www.korrika.eus webgunean ikusi ahal izango da.

 

Apirilaren 6an Bilbon

Barakaldotik sartuko da Bilbora 20. Korrika apirilaren 6an, ostegunean, Zorrotzatik zehazki (1.782 km), 16:52an, eta Elorrietatik (1.861 km) irtengo da 21:22ean. Beraz, aurreikusitakoaren arabera, lau ordu eta erdi emango ditu auzoz auzo bueltaka.

Egun horretan Bilbo Hiria Irratiak eta Bizkaia Irratiak irratsaio berezia eskainiko dute elkarlanean. 

 

Bilboko euskalgintzari deia 

Kontseiluko Helduen Euskalduntze lan-taldeak antolatuta, Euskara denontzat doan kanpaina jarri da abian, gaia gizarteratu eta 2018ko aurrekontuetan eta hurrengoetan eragiteko asmoz. "Euskara denontzat doan aldarrikatzeko, eta lehenbailehen errealitate bihurtzeko", Euskal Herriko bost hiriburu nagusienetan (Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean) euskara ikasteko prozesu osoaren doakotasunaren aldeko kilometroak antolatu ditu AEK-k, eta herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu ditu. "Nahiko genuke hau izatea doakotasuna aldarrikatzen duen azken Korrika. Euskalgintza osoari deia egitea da, beraz nahiko genukeena eta bertan parte hartzea", adierazi du Mertxe Mujikak. Bilbon, 1.832 kilometroan izango da. Hitzordua, Plaza Biribilean izango da 19:50ean. 

 

Ordutegia

16:52 Zorrotza

17:36 Autonomia

17:56 Irala 

18:17 Abusu

18:41 Txurdinaga

19:05 Otxarkoaga

19:35 San Nikolas

19:51 Plaza Biribila

20:07 San Mames

20:38 Puppy

20:50 Euskalduna zubia

21:05 San Inazio

21:22 Elorrieta

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa