Aurreko edizioetan Andu Lertxundik eta Harkaitz Canok zabaldu zuten ildoari jarraituz, Loraldiak geroari buruzko testu berri bat idazteko eskatu dio Kirmen Uriberi. Idazle ondarrutarrak irakurriko duen testua izango da ikuskari honen oinarria. Testuari, hain zuzen, erantzungo diote bertsolariek. Josu Goikok bertso gaiak proposatuko ditu. Oihana Bartra eta Alaia Martin bertsolariak arituko dira lan honetan eta berbek sortuko duten giroari Angel Unzuk jarriko dio soinu-banda. Bidegurutze honetan hiru sormen arlo aurkitzen dira: literatura, bertsolaritza eta musika. Geroari begira izango den hausnarketa literarioa. Ikuskizunerako sarrerak 10 euro balio ditu.
Kirmen Uribe, bere azken eleberrian egin duen ildo beretik 'Demain,Morgen' ikuskizunean benetako jazoera batean oinarrituko da fikzioa egiteko. 1917an, I.Mundu Gerra garaian, Eugene eta Armand nerabe alsasiarrak Lekeition daude marianistetan estudiatzen. Halako batean, deitu dituzte gerran Alemaniaren alde borrokan egiteko. Baina beraiek ez dira sentitzen aleman, ezta frantziar ere.