2017ko Bilbainada lehiaketarako deialdia zabalik dago

uriola.eus 2017ko api. 3a, 07:00

Bilboko betidaniko abestiaren musika sorkuntza bultzatzea eta jairako izpirituari eta tradizioari eusteko helburuz, Udaleko Kultura Sailak, Radio Nervionekin eta Telebilbaorekin elkarlanean, urtero antolatzen duen Bilbainada Lehiaketak bere hogeita bederatzigarren edizioa beteko du aurten. 5.200 euro baino gehiago banatuko dira saritan.

Parte hartu nahi duten pertsonek ekainaren 9ra arte dute epea egungo Bilbori edo itsasadar inguruko udalerriei edo bertako pertsonaiei, ohiturei eta eguneroko bizipenei buruzko jatorrizko abestiak aurkezteko. Grabazioak Radio Nervionen aurkeztu ahal izango dira, eta Bilboko Udaleko Kultura Sailean (Venezuela plaza, 2).

Lehiaketak dituen bi hamarkadatan, bertan aurkeztutako abestiek Por el rio Nervion edo Un inglés vino a Bilbao, gai mitikoak baztertu ez badituzte ere, egia da lehiaketa honi esker botxoko abesti herrikoiak gaurkotu egin direla, eta bertan gure hiriko ikono berriak sartu direla, Guggenheim Museoa edo Metroa, besteak beste.

Edizio honetan, Udalak esfortzu handia egin du sarien zenbatekoari eusteko. Gaztelaniazko bilbainada hoberenak 955 euro jasoko ditu, Euskarazkoak beste 955, eta 420 euroko zortzi akzesit egongo dira. Konposizioak grabazio batean aurkeztu beharko dira, eta haiekin batera letra mekanografiatua. Komenigarria da, baita ere, musika partitura aurkeztea. Lanak onartzeko eskakizun nagusia jatorrizko lanak izatea da, eta gaiak, Bilbori edo itsasadar inguruko udalerriei edo bertako pertsonaiei, ohiturei eta eguneroko bizipenei buruzkoak izango dira.

Horrez gain, epaimahaiak ohorezko sari bat edo gehiago eman ahal izango die, euren ibilbidea dela eta, erabat bilbotarra den musika genero hau bultzatzen eta ezagutarazten lagundu duten pertsonei edo erakundeei.

Ohikoa denez, Kultura Sailak musikari profesionalek grabatutako disko bat argitaratuko du XXIX. edizio hau irabazi duten abestiekin. Sariak Aste Nagusian banatuko dira, eta diskoa, urte amaieran Arriaga Antzokian burutuko den galan aurkeztuko da.

Bilbainada lehiaketa, gure hiriaren egunerokotasuna erakusten duten abesti bilduma bilakatu da urteekin. Konposizio horiek Bilboren historia kontatzen dute, arkitektura lanetan, garraiobideetan, erakundeetan edo pertsonaia enblematikoenetakoetan oinarrituta. Lehiaketak arrakasta handia du herritarren artean, eta, normalean, 20 eta 30 abesti artean aurkezten dira. Lehiaketaren epaimahaia musikaren munduarekin erlazionatutako pertsonek, komunikabideen ordezkariek eta lehiaketa antolatzen duten Bilboko Udaleko kideek osatzen dute.