Aurten ere, ia auzo guztietatik ibiliko da lekukoa eskurik esku, 21:30ean Elorrietatik irten eta Txorierrirako bidea hartu arte. Errekalden, esaterako, 17:40an sartuko da eta hauek Iralako lagunei emango diete lekukoa. Abusutarrek 18:15ean ikusiko dute Korrika haien kaleetan barrena eta Mahatserrirako bidea hartuko du. Txurdinaga eta Otxarkoaga bisitatu ondoren, Santutxun sartuko da, ohiiko ibilbidea egitera, arratsaldeko 19:00etan. Beheko auzoetarako bidea hartuko du berriro, Uribarritik udaletxera joanda. 19:40an Zazpi Kaleetan murgildu eta erdialdera abiatuko da. Lekukoak 20:00etan bisitatuko du San Mames zelaia eta Indautxun bira batzuk egin eta gero Deustun sartuko da Euskalduna Zubitik bajatuta, gaueko 20:50ean. Agirre Lehendakariaren etorbide osoa eginez Deustu, Ibarrekolanda, San Inazio eta Elorrietako lagunek eroango dute lekukoa, 21:30ean agur esan arte.
Bilboko KORRIKAtik, informazioa emateaz gain, URIOLAko lagunek emandako aukera baliatu nahi izan dugu, hau posible egiten duzuen guztioi eskerrak emateko. AEK-ko irakasle, ikasle, auzoetako laguntzaileak, eskoletako jendea… Bulego eta kalean egindako lanordu asko dira eta zuek gabe ezinezkoa litzateke. Lan handia egin dugu orain arte, baina oraindik bada zer egin, dekorazioa kilometroak markatu… Guztion laguntza ezinbestekoa da.
Eutsi goiari eta ondo-ondo pasa. Onena baino ez da falta!!!
Garbi Alkorta eta Galder Lizarralde
Bilboko KORRIKAren izenean