uriola.eus

'Gernikaren Egiak' liburuxka aurkeztuko du GITE-IPESek

  Kultura-aisialdia  Bilbo

Herri-memoria ardatz, egungo eszenan eztabaidagai dauden errelatoen inguruko hausnarketa eta bere esanahi sozio-politikoaz gogoeta sustatu nahi ditu GITE-IPESek Gernikaren Egiak argitalpenarekin. Eraldaketarako lehen urrats gisa ezagutza proposatzen du liburuxkak. 

1937ko apirilaren 26an faxistek Gernika bonbardatu zuten. 1987ko apirilaren 26an mundu mailako historialari esanguratsuek Gernikan buruturiko mahai-inguru batean gertaera hari buruz, eta batez ere, ondoren eraikitako gezurrean oinarrituriko errelatoa salatzera etorri ziren, Gernika Batzordeak antolaturiko ekimenean.

2017an (80. urtemugaren testuinguruan) GITE-IPESek –mahai-inguru hura transkribatu zuenak– testigantza hori ardatz harturik, herri-memoriaz eta errelatoaz hausnartzeko eta eztabaida soziala sustatzeko tresna argitaratu du, Gernikaren Egiak deiturikoa, hain zuzen ere.

Liburuxka formatua du. Hitzaurrea Mikel Zuluaga eta Bego Huarte Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako aktibistek egin dute. Transkripzioa euskaratu –Iñaki Aurrekoetxeak, hain zuzen ere– eta bertan partaide izan ziren bi aktoreri (Karmelo Landa eta Jokin Apalategi, aurkezlea eta hizlarietako bat, hurrenez hurren) bi kazetarik elkarrizketa bana egin diete: Oihana Cabello Busturialdeko Hitza-ko kazetariak eta Ainhoa Larrabe Bizkaiko Hitza eta Berria-ko kazetariak. GITE-IPESek argitalpen honekin, herri-memoria ardatz, gaurko eszenan eztabaidagai dauden errelatoen inguruko hausnarketa eta bere esanahi sozio-politikoaz gogoeta sustatu nahi du; eraldaketaren lehen urratsa ezagutza bera proposatuz.

Gaur, apirilak 5, BIBA Espazioan (Erronda Kalea 2, Bilbo) egitasmo honen aurkezpen publikoa egingo dugu, goizeko 11:30ean. Prentsa eta hurbildu nahi duen ororentzat irekia egongo den saioa izango da. Liburuxkan parte-hartu dutenek proiektua bera azalduko dute. Zergatik Gernikaren Egiak, eta batez ere, zertarako galderei erantzungo diete. 

Bihar, aldiz, apirilak 6, arratsaldeko 19etan Gernikako Astran mahai-inguru gisa, liburuxkaren argitalpenaren bidez eztabaida eta gogoeta sozialerako espazioa antolatu dute. Bertan, Karraderan, Gernika Batzordea eta Lobak herri ekimenen eskutik herri-memoriaren inguruko gogoeta kolektiboa sustatuko dute, Gernikaren bonbardaketaren 80 urtemugako herri-ekimen anitzen lehen-saioa izango da. 

Apirilaren 14an, arratsaldeko 19etan Gazte Akelarre gazte ekimenean (Igorreko kultur etxean), hitzaldia egingo dute Karmelo Landak (EHU-Komunikazio zientzien fakultatea) eta Igor Meñikak (GITE-IPES). Transmisioa eta memoria "konpartitzeko eta irabazteko oinarrizko osagai gisa" aurkeztuko dituzte. 

Liburuxkak 5 euroko salneurria izango du eta egingo ditugun saio guztietan eskuragarri egongo da.

 

gite-ipes.org

2017/04/05 11:30

Biba! kulturgunea Bilbo

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa