Euskal Herriko Itzuliak eta Korrikak trafiko arazoak eragingo dituzte Bilbon

uriola.eus 2017ko api. 6a, 08:30

2014ko Euskal Herriko Itzulia

Apirilaren 6ko arratsaldean Itzuliaren 57. edizioa eta 20. Korrika helduko dira Bilbora. Hori dela eta Udalak zirkulazio-aldaketa handiak iragarri ditu 15:00etatik 21:30etara bitartean.

Gaur abiatu da Euskal Herriko Itzulia Iruñetik. Larunbatera bitartean, hegoaldeko hiriburu guztietan izango du etapa hasiera edo bukaeraren bat. Biharko etapa ere Iruñean hasiko da eta etzikoa Gastaizetik. Donostian amaituko da asteazkeneko etapa, bai eta ostegunekoa abiatu ere. Ostegun arratsaldean, apirilaren 6an, Bilbora iritsiko da Itzulia, Korrika baino ordu batzuk lehenago. Ostiral goizean Bilbo eta Eibar lotuko ditu Itzuliak, larunbatean Eibarren bertan erlojupekoa egiteko.

Ostegunean Itzuliak hiriko kaleak zeharkatzen dituen bitartean, 15:15etik 18:00etara gutxi gorabehera, kale batzuk itxi eta hesituko dituzte eta Bilbobusen ohiko ibilbideetan aldaketak izango dira. Helmuga Kale Nagusian izango denez, Moyua plazatik Jesusen Bihotzerako tartean aparkalekuak kendu egingo dira apirilaren 6tik aurrera.

Bestalde, 20. Korrika Zorrotza-Kastrexanatik (Urgozo) sartuko da Bilbora osteguneko 16:50ean eta Elorrietatik aterako da 21:20an, hiriko kaleetatik 39'6 kilometroko ibilbidea egin ostean.

Ekitaldi bien eraginez aldaketa handiak gertatuko dira ibilgailuen zirkulazioan. Ondorioz aparkatzeko lekuak aldi baterako kenduko dira Otxarkoaga, Txurdinaga, Uribarri, Deustu eta Abandoko barrutietan.