Aste Santuarekin batera Bilbo Basque Fest jaialdian murgilduko da. Euskal unibertsoaren askotariko arte adierazpenak “gozatzeko eta bizitzeko” aukera dela adierazi dute antolatzaileek. Besteak beste erakusketak, kontzertuak, herri kirolen erakustaldiak, antzerkia, dantza, erromeriak… izango dira hiriko txoko desberdinetan.
Basque Fest-en helburua bertakoei eta atzerriko turistei “hiri dinamiko eta aktibo” bat ezagutzeko aukera ematea da. Kultura eta jai giroa uztartuz ondo pasatzea posible dela erakutsi nahi dute. Bilboko Udalak, Bizkaiko Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak jaialdi hau sustatu dute elkarlanean, “hiria biziberritzeko”.
III. edizio honetan “euskal kultura eta abangoardia” izan dituzte ardatz programazio zabala eta anitza eskaintzeko bost egunetan zehar. Apirilaren 12an Kepa Junkerak bere azken lanen errepertorioa eskainiko du emanaldi berezi batean. Ostegunean herri kiroletako gizon-emakume bikoteen arteko erronka egingo dute Areatzako zubian.
Saio hauetaz gain beste hainbat ekitaldi egongo dira Basqeu Festen. Besteak beste, Zabalgunean jarriko den 'market'-a, euskal marken eta diseinuaren erakusketa eta salmenta gunea izango dena; antzeztutako ibilbideak; euskaraz ausartzeko gida; meatzariek sortutako herri kirolen erakusketa...