Loraldia 2017

Azken txanpan sartuko da Loraldia

uriola.eus 2017ko api. 4a, 18:39

Iban Zaldua eta Iñigo Astiz. Arg: nontzeberri.com

Literatura, musika eta antzerkia izango dira nagusi Loraldiaren azken aste honetan. Ostegunean Korrika 20 dela eta ez da emanaldirik egongo eta Festibalak berak parte hartuko du euskararen aldeko lasterketan.

Gaur bertan, Iñigo Astiz eta Iban Zaldua arituko dira azken honen (Euskal) literaturaren alde (eta kontra) (Elkar, 2016) saiakeraren inguruan. Astiz kazetari eta idazlearen galderei erantzungo dio Zalduak, “beharbada berritasunen bat ere eskainiz”. Hitzordua Poza Lizentziatuaren kaleko Elkar dendan, 19:00etan.

Bihar Campos Antzokian Urretxindorra eta Deustuko Ikastoletako lehen hezkuntzako ikasleek Loraldia Eskola emanaldia egingo dute. Musika, bertsoa, dantza eta antzerkia batzen dituen antzezlana landu dute 10 eta 11 urteko 100 ikasle baino gehiagok. Zuberoako Pastorala oinarri hartuta, euskal mitologia eta Eneko Aritza lehen errege baskoiaren istorioa landuko dituen ikuskizun modernoa prestatu dute. Ikasleek Erika Uranga, Unai Iturriaga eta hainbat irakasleren laguntza izan dute antzezlanaren sormen bidean.

Ostegunean, aldiz, ez da emanaldirik egongo. Korrika 20 Bilbora helduko da 17:00ak aldera, eta Loraldiak 1.820. kilometroan hartuko du parte. 19:15etan Zabalbide eta Zumalakarregi gurutzean, bus geltokian biltzeko deia luzatu dute antolatzaileek, "euskararen alde korrika egiteko".

Ostiralean E, Petrel! Julio Villarrekin solasean antzezlan musikatua egingo dute Campos Antzokian. Donostiako Julio Villar abenturazaleak 60ko hamarkadan bira eman zion munduari itsasontzi txiki batean. Lau urteko bidaian bizitakoa liburu batean idatzi zuen, orain Astrolabium Teatroa antzerki-konpainiako kideek antzezlan bihurtu dutena. Bi aktorek eta musikari batek Villarren bidaia eta bizipenak eszenan jarriko dituzte modu “original eta hunkigarri” batez.

Azkenik, asteari eta Loraldia Fetsibalari amaiera emateko, Mikel Urdangarinek Margolaria diskoa aurkeztuko du lehenekoz. Larunbateko 20:00etatik aurrera, Mikel Urdangarin igoko da oholtzara, Rafa Rueda, Koldo Uriarte, Angel Celada, Jon Cañaveras eta Nika Bitchiasvili musikariekin osatutako bandarekin batera.