Gaur aurkeztu ditu Udalak ikasleek egindako ekarpenak Basurtuko Udaltegian, eta ekitaldia parte-hartzaileei eskerrak emateko baliatu du. Bertan Asier Abaunza Hiri Plangintzarako Saileko zinegotzia eta Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotzia izan dira.
Kanpainaren helburua HAPO zer den azaltzea eta alderdi orokorren inguruko prestakuntza ematea izan da, bai eta ume, nerabe zein gazteak partaide egitea, euren ikuspegiak eta ekarpenak jasoz. Guztira 16 ikastetxe publiko eta pribatutako 1.005 ikaslek hartu dute parte, Lehen eta Bigarren Hezkuntza, Batxiler, Lanbide Heziketa eta Heziketa Berezikoak.
Saio desberdinetan hiri antolaketarako planak zer diren azaldu diete ikasleei, eta etxebizitza, jarduera ekonomikoa, ekipamendua, espazio publikoa, ingurumena, mugikortasuna eta ondare kulturalaren inguruan eztabaidatu dute. Zeharka, genero-ikuspegia eta klima aldaketa ere landu dituzte.
Ikalseen ekarpen gehienak espazio libre eta berdeguneen harian, kirol ekipamendu eta espazio soziokulturalei buruz eta mugikortasun jasangarria hobetzearen gainekoak izan dira.